Ekonomia -
Espainiako Gobernua
Montorok EAJri deitu dio Espainiako 2017ko Aurrekontuez hitz egiteko
Ogasun ministroak aurreko astean deitu ziola baina ez zutela ezer zehaztu adierazi du Aitor Esteban jeltzaleak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristobal Montoro Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileari deitu dio berriki, Espainiako 2017ko Aurrekontuez hitz egiteko.
Aitor Estebanek Bozeramailearen Batzordearen bilera hasi aurretik Kongresuko korridoreetan azaldu duenez, Ogasun ministroak aurreko astean telefonoz deitu zion, baina ez zuten ezer zehaztu.
Estebanen esanetan, egun hauetakoren batean bilera egitekotan gelditu ziren. Bilera horretan, Gobernuaren nahiak eta asmoak ezagutuko dituzte jeltzaleek, eta hortik aurrera ikusiko omen da negoziazio prozesu bat irekitzeko aukerarik dagoen ala ez.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu bileraren ostean ziurtatu duenez, "logikoa" da Espainiako Gobernua EAJrekin eta beste alderdi politiko batzuekin harremanetan jartzea Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko babesa bilatzeko. Bestalde, horren arabera, Urkulluk Rajoyri bilera bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean askatzeke dauden korapiloez aritzeko, baina eskari horrek ez duela inolako erantzunik jaso azpimarratu du.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiako Aurrekontu Orokorren proiektua martxoaren amaierarako aurkezteko itxaropena agertu zuen urtarrilaren 27an. Hori lortzeko, Ciudadanosekin eta Coalicion Canariarekin lanean ari zirela eta EAJrekin eta PSOErekin harremanak izan zituztela gaineratu zuen.