Ekonomia -
Konpromisoa
ELA eta LAB Gizarte Elkarrizketaren Mahaian izatea espero du San Josek
Legegintzaldi honetan lan-ikuskari gehiago izango direla eta lan-iruzurraren kontrako postontzi bat jarriko duela iragarri du Lan eta Justizia sailburuak.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak legegintzaldirako asmoak azaldu ditu astearte honetan Eusko Legebiltzarrean, eta ELA eta LAB sindikatuak Gizarte Elkarrizketaren Mahaian izatea espero duela esan du; izan ere, oso garrantzitsua da gizarte eragile guztiak biltzea, kalitatezko enplegua sustatu eta langileen lan-baldintza onenak adostu ahal izateko, horren esanetan.
Lan eta Justizia sailburuak astearte goizean aurkeztu ditu lau urte hauetan izango dituen ildo nagusiak. Berarekin batera, Jon Azkue Lan sailburuordea eta Miren Gallastegui Justizia sailburuordea izan dira Legebiltzarrean.
San Josek iragarri duenez, lan-munduan iruzurrik egon ez dadin eta legez kanpoko egoerak saihesteko, lan-ikuskari gehiago izango dira. Halaber, lan-iruzurraren aurkako postontzi bat sortuko du, bidegabekeriak jasaten dituzten langileei zuzenduta (salaketa guztiak anonimoak izango dira).
Justizia arloan, kartzeletako eskumen guztiak transferitzea aldarrikatu, eta justizia herritar guztientzat eskuragarri izan dadila eskatu du Lan eta Justizia sailburuak. Horren harian, euskal herritar guztientzat eskuragarri den “justizia azkarra eta eraginkorra” nahi duela nabarmendu du.
Halaber, justizia administrazio elektronikoa sustatzeko plan baten berri eman du San Josek. Justizia modernizatzea eta papera ahal den neurrian alde batera uztea izango da helburu nagusia. Gainera, gatazken aurrean elkarrizketarako jarrera bultzatzeko asmoa dutela gaineratu du.
Sei lan-ikuskari gehiago
Lan-munduan iruzurrik ez dagoela ziurtatzeko, maiatzean sei lan-ikuskari gehiago izango dira (38tik 44ra igaroko dira). Lan-ikuskaritzak kontratu-mota guztiak kontrolatuko ditu, eta horiek modu eraginkorrean ezartzen direla. Halaber, iruzurraren aurkako postontzi bat sortuko da, bidegabekeriak jasaten dituzten langileek salaketak jar ditzaten modu anonimoan.
Enplegu duina bultzatzeko, kalitatezko enplegua sustatu eta langileen lan-baldintza onenak adosteko ahalegina egingo duela ere esan du San Josek. Halaber, Osalanen lana indartzeko prest agertu da, eta lan-istripuak saihesteko prebentzio neurriak areagotu eta prestakuntza indartuko duela aurreratu du.
Bestalde, Gizarte Ekonomiaren egitura sendotzeko, Kooperatiben Legearen aurreproiektua egingo dutela azaldu du San Josek. 2018ko lehenengo seihilekoan Legebiltzarrera bidaltzeko asmoa dute, horren arabera. EAEko enplegu guztien % 6,12 kooperatibek sortzen dituztela nabarmendu du.
Espetxe-politika
Espetxe Erakundeen eskumenak eskualdatzeari dagokionez, berriz, espetxe-politikaren funtsezko jomuga pertsona guztien gizarteratzea eta heztea izango dela azpimarratu du sailburuak. “Espetxe-politika bakarra benetako politika soziala da, birgizarteratzea helburu duena”, horren iritziz.
Lan eta Justizia sailburuak jakinarazi duenez, legegintzaldi honetan arreta berezia eskainiko diete genero-indarkeriaren biktimei. Azkenik, Zigor Legearekin auzitan dauden adingabeen arreta indartzeko asmoa dutela esan du, eta ezarritako neurriak betetzeko dauden zentroetan behar adina plaza eskainiko dituztela gaineratu du.