Ekonomia -
Bizkaiko Golkoa
Antxoaren arrantza kuota handitzea proposatu du Bruselak
Hain zuzen ere, kuota bikoiztea (7.000 tonatik 15.600 tonara) proposatu du Europako Batzordeak. Unzaluren hitzetan, proposamena "antxoaren arrantza normalizatzeko aurrerapauso bat da".
Erredakzioa
Bizkaiko Golkoan antxoaren arrantza kuota handitzea proposatu du gaur Europako Batzordeak. Hain zuzen ere, uztail honetatik 2011ko ekainaren 30 arte kuota 15.600 tonakoa izatea proposatu du.
Antxoaren egoerari buruzko azken txosten zientifikoak positiboak izan direlako egin du proposamena Bruselak.
Kuota Espainiaren eta Frantziaren artean banatzen da, % 90 Espainiarentzat eta % 10 Frantziarentzat.
Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuaren hitzetan, Europako Batzordearen proposamena "antxoaren arrantza normalizatzeko aurrerapauso bat da". "Sektore ekonomiko eta sozialarentzat, zein arrantzaleentzat oso garrantzitsua da antxoa", azpimarratu du Unzaluk.
Antxoaren arrantzaldia urtarrilean zabaldu zuten berriro, lau urte eta erdiz itxita egon eta gero. Orduan, Bruselak 7.000 tonako kuota ezarri zuen (5.400 Espainiarentzat).
Nolanahi ere, kuota handitu edo ez bihar eztabaidatuko dute Hogeita zazpien aditu batzorde batean, behin betiko erabakia Europar Batasuneko Arrantza ministroen hurrengo bileran har dezaten.
Seihileko honen lehen Arrantza bilera hurrengo astelehenean egingo dute, Bruselan.