Ekonomia -

ENPLEGU PUBLIKOA

Milaka pertsonak izena eman dute Jaurlaritzaren lan-poltsa berrietan

2.300 pertsonak baino gehiagok eman dute izena lehen orduetan. Epea otsailaren 3ra arte egongo da zabalik.

7 lan poltsa zabaldu dituzte administrazio publikorako

1:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak administrazioko zazpi lan-poltsa osatzeko hautaprobetan izena emateko epea zabaldu du astelehen honetan. Langile kualifikatuentzako deialdia da. IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak egingo du hautaketa-prozesua. Deialdiaren xehetasun guztiak IVAPen webgune ofizialean daude, Enplegu Publikoa/Lan-poltsak atalean.

Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 23an zabaldu da, eta otsailaren 3an, ostirala, 14:00etan, amaitu. Eusko Jaurlaritzak uste du lehen azterketak martxoaren bigarren hamabostaldian egingo direla. Hala izanez gero, zazpi lan-poltsak ekaina ingururako osatuta egongo lirateke.

Epea ireki osteko lehen orduetan, 2.300 pertsonak baino gehiago eman dute izena.

Lan-poltsak

Guztira, zazpi lan-poltsatarako egingo dute aukeraketa-prozesu hau. Horietako seitan proba edota azterketa teorikoak eta azterketa psikotekniko bat egin beharko dira. Hala egingo da lan-poltsa hauen kasuan:

- Administrazioko goi-mailako kidegoa: Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edo Gradua.

- Zuzenbidea: Zuzenbideko lizentzia edo gradua.

- Artxiboa, Liburutegia eta Dokumentazioa: Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza edo Gradua, eta 3. hizkuntza-eskakizuna.

- Osasun publikoa: Biologiako, Farmaziako, Medikuntzako, Kimikako, Albaitaritzako, Elikagaien Zientziako eta Teknologiako, edo Biokimikako lizentzia edo gradua, eta 3. Hizkuntza-eskakizuna.

- Orientatzailea: Soziologiako, Zuzenbideko, Psikologiako, Pedagogiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Psikopedagogiako edo Laneko Zientzietako lizentzia edo gradua.

- Administrarien Kidegoa: Batxilergoa, Lanbide Heziketako Teknikaria edo baliokideak, eta 2. hizkuntza-eskakizuna.

- Enpresako medikurako lan-poltsaren kasuan, aukeraketa-prozesua merituen lehiaketa-sistema bidez egingo da, ezagutzaren inguruko azterketa egin beharrik gabe; izan ere, arau bidez erregulatutako lanbidea da. Medikuntzako Gradua edo Lizentzia titulazioa, eta Laneko Medikuntza espezialitatea edo enpresa-medikuntzako diplomatura baino ez dira eskatuko.

Konpromisoa

Andres Zearreta Funtzio Publikoko Sailburuordeak adierazi duenez, "lan-poltsen deialdi hau, legealdi honetako lehena, Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoarekin duen konpromisotik sortu da". Prozesu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak "lan-aukerak eskaini nahi dizkie gazteei, eta, aldi berean, Euskadiko herri-administrazioko langileen batez besteko adina gaztetu nahi du". "Hori da 2017 honetan Eusko Jaurlaritzak egingo duen Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko 2020 Plan Estrategikoaren helburuetako bat", esan du.

Zearretaren arabera, deialdi honi esker, "arinago eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izango dira Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkapenak eta, gainera, izangaien publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak bermatuko dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Lan Eskaintzak