Ekonomia -

Judizioz kanpoko konponbidea

Jadanik eska daiteke zoru klausulen bidez legez kanpo kendutakoa

Zoru klausulekin kontratua sinatu duen edonork hel diezaioke bide horri, hipoteka bertan behera edo aktibo dagoen gorabehera.

Etxebizitzak
Etxebizitzak
Etxebizitzak

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumitzaileek gaur urtarrilaren 23tik aurrera eska dezakete finantza erakundeek zoru klausulen bidez legez kanpo kendutako dirua itzultzea, ostiralean Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak onartutako Errege Dekretu Legeaz baliatuta.

Zehatz-mehatz, lege berriak judizioz kanpoko konponbideari heltzeko aukera ezartzen du, zoru klausulen bidez behar baino gehiago ordaindutakoa eskatzeko, eta hiru hilabeteko epea uzten die bankuei kontsumitzailearekin ados jartzeko, eskaria onartzen dutenetik aurrera. Edonola ere, bankuak ez badu konponbide gogobetegarririk ematen, bide judizialari heltzeko aukera izango du kaltedunak.

Errege Dekretu Legearen arabera, erakundeek hilabeteko epea dute, gehienez, judizioz kanpoko bidea betetzeko neurriak hartzeko.

Gainera, bankuek egiaztatu beharko dute zoru klausulak sinatu zituzten kontsumitzaile guztiek neurri berria ezagutzen dutela. Halaber, Errege Dekretu Legeak web orrian eta bulegoetan legea argitaratzera behartzen ditu bankuak.

Kontsumitzaileak eman behar du lehen urratsa erreklamazioaren prozesua abiarazteko, eta edozein bulegotara joanda egin ahal izango du. Zoru klausula duen kontratu bat sinatu duen edonork hel diezaioke bide horri, hipoteka bertan behera edo aktibo dagoen gorabehera, betiere baldintzak betetzen baldin baditu.

Bezeroa erakundearekin harremanetan jarri eta gero, horrek erantzun bat eman beharko dio, itzuli beharreko dirua zehaztuta, interesak barne. Bankua ados ez badago, erreklamazioa ukatzeko arrazoiak azaldu beharko dizkio.

Erakundeak erreklamazioa onartuz gero, kontsumitzaileari jakinarazi beharko dio, eta horrek ados dagoen esan beharko du. Hala, erakundeak hiru hilabeteko epea izango du dirua itzultzeko, baina baliteke erakundeak eta bezeroak bestelako modu bat adostea dirua itzultzeko; hipotekaren baldintzak berrikusita, esaterako.

Kasu horretan, bezeroak eskuz idatzi beharko du oniritzia ematen duela, neurri eta baldintza berrien inguruan behar bezalako informazioa jaso ostean.

Erakundeek kasuan kasu erabakiko dute Auzitegi Gorenak 2013an emandako epaiaren ostean baldintzak aldatu zituzten eta dagoeneko epaitegietara jo duten (eta ebazpen judiziala jaso duten) kontsumitzaileen kasuetan.

Auzitara jotzeko aukera

Judizioz kanpoko aukera horrek ez du bide judiziala zertan baztertu, hau da, bezeroak epaitegietara jo eta bankuak proposatzen diona baino emaitza hobea lortzen badu, entitateak prozesuaren gastuak ordaindu beharko ditu. Alabaina, bezeroa judizioz kanpoko bidetik saiatzen ez bada, eta epaitegietan bankuak egindako okerra onartzen baldin badu, ez du kosturik ordaindu beharko.

Errege Dekretu Legeak, era berean, jarraipen, kontrol eta ebaluazio talde bat osatzea ezartzen du; ez zigorrak jartzeko, baizik eta entitateen jokaera egokia dela baieztatzeko, ahultasun egoeran dauden pertsonen kasuetan bereziki.

Talde horretan, erakundeen ordezkariekin batera, kontsumitzaile elkarteetakoak eta abokatuak ere egongo dira, Luis de Guindos Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun ministro espainiarrak ostiralean azaldu zuenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Espainiako Gobernua Espainia albisteak Hipotekak albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Etxebizitza gaur