Ekonomia -

Erosketa

Oronak Scan Heis konpainia norvegiarra erosi du

Eskandinaviako herrialdean 21 milioi euro inguru fakturatzea aurreikusi du enpresa gipuzkoarrak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oronak, igogailuen eta eskailera mekanikoen euskal fabrikatzaileak, Scan Heis konpainia norvegiarra erosi berri du. Erosketari esker, urtero 21 milioi euro inguru fakturatzea espero du enpresa gipuzkoarrak.

Oronak ohar batean jakinarazi duenez, Scan Heisek Bergenen du egoitza nagusia, eta 26 urteko eskarmentua du sektorean. "Ondo baino hobeto ezagutzen du merkatua", erantsi du.

Eragiketa horrekin, Norvegian duen presentzia handituko du Oronak, eta Eskandinaviako herrialdean 21 milioi euro inguru fakturatzea aurreikusi du. Dagoeneko zortzi bulego eta prestakuntza handiko ia 100 profesional ditu Norvegian.

Oronaren ustez, "oso positiboa" da erosketa, herrialde osoko bezeroei "zerbitzu lehiakorra eta kalitatekoa eskaintzeko gaitasuna indartuko baitu".

Iaz, besteak beste, Frantzian, Polonian, Portugalen eta Norvegian egin zituen Oronak horrelako operazioak. Orona taldeak 30 enpresa baino gehiago ditu Europako eta Amerikako 11 herrialdetan. Europako 10 igogailu berritik bat Oronak egiten du, eta 100 herrialdetan baino gehiagotan instalatzen dira bere produktuak. Munduko 250.000 igogailuk Oronaren teknologia dute, eta Europako lehena da igogailu osoak ekoizteko ahalmenari dagokionez. Ekodiseinuko ziurtagiria (ISO 14006) eskuratu duen mundu osoko lehen igogailu enpresa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Albisteak