Ekonomia -

Greba

Madrilgo Metroak eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu

Bilera "itxurak egiteko" eta "langile batzuk beste batzuen aurka jartzeko" erabili dutela salatu du UGT sindikatuko bozeramaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean hasi zen greba deitu zuten sindikatuek eta Madrilgo Metroko zuzendaritzak bilera egin dute gaur, hiru egun eta erdi greban izan ostean, horietako bi gutxieneko zerbitzurik eskaini gabe. Gatazkaren irtenbideari "ateak irekitzeko" batzarra izan da, baina bilera akordiorik gabe amaitu da.

Ignacio Gonzalez Velayos Madrilgo Metroko kontseilari delegatuak bilera egitea proposatu zuen, goizean sindikatuen gutun bat jaso ostean. Sindikatuek bilera eskatzen zioten mobilizazioen zergatiak azaltzeko, konpainiako iturriek jakitera eman dutenez.

Ekainaren 29an eta 30ean gutxieneko zerbitzuak zergatik ez zituzten bete azaltzeko eskatu die sindikatuetako ordezkariei Gonzalezek. Horren ondorioz, bi milioi erabiltzaile metrorik gabe geratu ziren.

Batzarrak ordubeteko iraupena (14:30etatik 15:30) izan du, baina ez du izaera formalik izan, Metroaren hitzetan, izan ere, bilera eskatu zuten sindikatuek "ez dute greba batzordean parte hartzen".

Bestalde, bilera "itxurak egiteko" eta "langile batzuk beste batzuen aurka jartzeko" erabili dutela salatu du Teodoro Piñuelas UGT sindikatuko bozeramaileak, "gatazka luzatzeko estrategia gisa".

Gutxieneko zerbitzuak

Laugarren greba eguna dute gaur Madrilgo Metroan, baina gaur goizean, bidaiari gehieneko orduetan, ez da arazorik sortu eta Gobernu autonomikoak ezarritako % 50eko gutxieneko zerbitzuak normal betetzen ari ziren.

UGT eta CCOO sindikatuek ziurtatu dutenez, Metroko langileen %100 ari dira greba egiten. Sindikatuotako ordezkariek espero dute "hartu-emanen bat" izatea gaur Garraio Kontseilaritzarekin edo Garraio Partzuergoarekin.

Hori horrela, Teodoro Piñuelasek (UGT) esan du "Partzuergoko edota Kontseilaritzak norbaitek deitzeko zain" daudela.

"Guk ez diogu inori deituko", nabarmendu du UGTk Metroan duen idazkari nagusiak. Gainera, "legez kanpokoak" diren gutxieneko zerbitzuak zergatik errespetatu behar dituzten galdetu dio Jose Blanco Sustapen ministroari.

Bere aldetik, Alfonso Blancok (CCOO) esan du bere sindikatuak ez duela "arazorik" Metroko zuzendaritzarekin biltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea