Ekonomia -
Elektrizitatearen prezioa
Argindarraren prezioa ez igotzea adostu dute Gobernuak eta PPk
Industria ministroak eta PPren ekonomia alorreko bozeramaileak akordioa lotu dute uztailean indarrean sartu behar zen neurria bertan behera uzteko, energia alorrean akordioa lotzeko lehen pauso gisa.
Erredakzioa
Miguel Sebastian Industria ministroak eta Cristobal Montoro PPren ekonomia alorreko bozeramaileak akordioa lotu dute argindarraren prezioa ez igotzeko, energia alorrean akordio zabal bat lortzeko lehenengo pauso gisa.
Gobernuak datorren hilean, uztailean, garestitu nahi zuen argindarraren prezioa.
Hala adierazi dute Industria ministroak eta PPren ekonomia bozeramaileak. Akordioa lehenbailehen lortzeko esperantza agertu dute biek, eta "marra gorririk" gabe negoziatuko dutela azpimarratu.
Energia sistema osoaren kostuak aztertu behar direnez, Sebastianek uste du ez lukeela zentzurik izango diru-sarrerei soilik begiratzea, eta horregatik utzi dute bertan behera uztailaren 1ean argindarraren tarifa igotzeko erabakia.
Sektore elektrikoaren patronala, haserre
Pedro Rivero Unesa elektrizitate sektorearen patronaleko presidenteak “oso larri”tzat jo du Gobernuak eta PPk lotutako akordioa, izan ere, uztailean argindarraren prezioa % 7,5 igo beharko litzatekeela uste du.
Patronalaren urteko memoriaren aurkezpenean, Ribero haserre agertu da erabakiarekin, eta 13:00eko prentsaurrekoan informazio hori “gezurtatuko” zuten esperantza agertu du.