Ekonomia -
'Cities & Economy Forum'
Negozio-hiri bihurtu eta inbertsioak erakarri nahi ditu Bilbok
Bizkaiko hiriburua Euskadiren erreferente ekonomiko bilakatzeko nazioarte mailako jardunaldiak egiten ari dira Euskalduna Jauregian.
EITB.EUS
Bilboko Euskalduna Jauregiak 'Cities & Economy Forum' izeneko jardunaldien lehen edizioa hartuko du gaur eta bihar, Bizkaiko hiriburua enpresa, inbertsio eta negozioak erakartzeko erreferente izan dadin.
Bilboko Udalak antolatuta, 300 bat pertsona bilduko dira bi egunotan Euskalduna Jauregian. Nazioartean arrakasta handia duten enpresa ugariren buruzagiak (Iberdrola, Mastercard, BBVA, Google, Massachusetts Institute of Technology, IBM, Idom, EnovatingLab eta Ticketbis, besteak beste) eta kudeaketa publikoa egiten liderrak diren pertsonak hartuko ditu foro honek. Topaketa hauei esker, dinamismo ekonomikoari esker ospetsuak diren beste hiri batzuekin sarean lan egiteko aukera izango du Bilbok, New York, Londres, Singapur, Rotterdam, Amsterdam, Bordele, Mumbai eta Morelia (Mexiko) hiriekin, esaterako.
Helburua "inbertsioak eta enpresak bereganatzeko behar diren baldintzak eta negozio aukera berriak sortzea eta Invest in Bilbao marka indartzea da", Udalak ohar batean nabarmendu duenez.
Inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia izan dira, beste agintari batzuekin batera.
Hain justu, ekitaldi horretan Juan Maria Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, hiribilduak "enpresa eta finantzaketa-bokazioa du", negozio erreferente bilakatzeko bide horretan, eta "epe ertaineko estrategiaren bidaia orri bat" sortuko dutela iragarri du. Aburtoren hitzetan, lau helburu nagusi izango ditu estrategia horrek: "Euskadiko ekonomiaren erreferentzia gisa Bizkaiko hiriburuk duen gaitasuna berriro jardunean jartzea, inbertsioak eta jarduera erakartzea, enplegua sortzea eta, horrela, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea".
Bilboren erronkak zein diren esan du gero alkateak, enpresa-eremuan adimen artifiziala eta robotika aplikatzea eta ekoizpen-prozesuak digitalizatzea. Bertan azaldu duenez, "teknologia, ezagutza, prestakuntza eta berrikuntza" behar dituen garapen-ereduak dira horiek, eta horietan Bilbok "gaitasun nahikoa" duela uste du. "Abantaila argia da hori; beraz, aprobetxatu eta ahalik eta errentagarrien bihurtu behar dugu", erantsi du.
Hori horrela, Zorrotzaurre uhartean eta Zorrotzako muturrean proiektu garrantzitsuak abiatuko direla iragarri du eta goiko auzoak berroneratzeko jarduketak egingo direla. Gainera, "elkarrekin konektatuago" dagoen hiri bat lortzeko lanean ari direla azpimarratu du Aburtok, eta tranbia, metroa eta abiadura handiko trena jarri ditu horren adibide. Azken horren bitartez, Bilbo Madrilekin eta Parisekin konektatuta egongo dela nabarmendu du.