Ekonomia -
ZOR PUBLIKOA
Eusko Jaurlaritzak 120 milioiko zorra jaulki du interes negatiboan
Dirua maileguan eskatzeagatik interesak ordaindu ordez, dirua jaso egingo du Gasteizko gobernuak. Hori egiten lehen erkidego autonomoa da.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euroko zorra jaulki du % 0,03ko interes negatiboan, bi urtera. Zer esan nahi du horrek? Gasteizko gobernuak ez duela interesik ordaindu beharko bi urte igarotakoan. Kontrakoa, bi urte barru dirua jasoko du mailegu horren truke; zorraren erosleek ordaindu beharko diote eskatutakoaren % 0,03.
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren arabera, zor publikoa interes negatiboan jaulkitzea lortzen duen lehen erkidego autonomoa da Euskadi.
Lorpen hau finantzazio politikaren arrakastatzat jo du Jaurlaritzak. Finantzazio kostuei dagokienez, jaulkipena minimo historikoetan egin dela gaineratu du Ricardo Gatzagaetxebarriak zuzentzen duen departamenduak, ohar bidez.
Horri guztiari azken urteotako finantzazio baldintza onak gehitu behar zaizkiola gaineratu du Jaurlaritzak; besteak beste, EAEren kaudimen ekonomikoa eta interes-tasak aldekoak izatea nabarmendu ditu.