Ekonomia -

Nafarroa

Foru Gobernuak helegitea jarriko du LEPren baliogabetzearen aurka

Nafarroako Gobernuak "akatsak eta kontraesanak" antzeman ditu Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikotik euskarazko 100 lanpostuak baliogabetzen dituen ebazpenean.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroak helegitea jarriko du LEPren baliogabetzearen aurka

1:18

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foru Gobernuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko (LEP) euskarazko lanpostu guztiak (100) baliorik gabe utzi dituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka.

Administrazioarekiko auzien Salak onartu egin du Hezkuntzako LEPren kontra Afapna sindikatuak jarritako helegitea aintzat hartu du eta LEPko euskarazko 100 lanpostuak baliogabetu ditu, lantalde organikoan euskarazko hizkuntza eskakizun zehatzik ez dagoela argudiatuta.

Nafarroako Gobernuak arratsalde honetan jakinarazi duenez, helegitea bi bidetatik joan daiteke: auzitegian bertan jarrita edo kontraesankorra dela argudiatuta, deuseztasun intzidente bat aurkeztuta; izan ere, epaian “akatsak eta kontraesanak” antzeman dituela azpimarratu du.

Horrez gain, Gobernuak dio euskarazko lanpostu horiek eskuratu zituzten 100 irakasleak kurtso hasieratik ari direla lanean.

Exekutiboak onartzen du “bete gabe dauden lanpostuak lan-poltsa bakarrean” daudela, “A edo B mailakoak diren soilik zehaztuta”, baina erantsi du lanpostu horiek ez daudela ikastetxe jakin batzuetara lotuta eta ez duela lan-talde organikoan hizkuntza- irizpideak zeintzuk diren adierazi behar.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak uste du kontraesana dela argudio berarekin euskarazko lanpostuak baliogabetzea, baina, aldi berean, gaztelerazko lanpostuak onartzea.

Hori dela eta, Foru Gobernuak epaiaren kontra egingo du, kasazio-helegitea jarrita edo deuseztasun intzidente bat aurkeztuta.

Maria Jose Beaumont Funtzio Publikoko kontseilariak esan du epaiak oposiziogileak “kaltetzen” dituela, “hilabeteak daramatzatelako lanean, lanpostuak eskuratu ostean”.

“Kezkagarria da Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administraziorekiko auzien Salak, Nafarroan lan eginda, gure erkidegoan ofiziala den hizkuntza batetiko erakusten duen sentiberatasun eza”, deitoratu du.

Beaumontek esan du Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetzen duen epaiak ez duela oinarririk eta salatu du “UPNren Gobernuak egiten zuen modu berean” eginda dagoela.

Areago, sala horrek berak aurreko ebazpen batean esan zuenaren kontrakoa dela azpimarratu du.

Kontseilariaren arabera, epaiak ondokoa zioen: “lan-talde organikoak ez dira leku egokiak beta gabe dagoen lanpostu batera aurkeztu ahal izateko bermatu behar diren irizpide zehatzak agertzeko”.

Alderdien eta sindikatuen erreakzioak

Nafarroako Gobernuak hala egingo zuela jakin aurretik, EH Bilduk epaiaren kontrako helegitea jartzeko eta hautaketa prozesuarekin aurrera jarraitzeko eskatu dio Foru Gobernuari, “langileak lasaitzeko asmoz”.

“Irakasleak pairatzen ari diren gatazkak, epaiak eta tentsioak zerrenda bakarraren bidez saihestu ahal izango ziren”, gogoratu du koalizio soberanistak.

“Zerrenda bakarraren proposamena EH Bilduk egin zuen, baina Hezkuntza Departamentuak baztertu egin zuen 2016ko Lan Eskaintza Publikoaren deialdia egiteko”, deitoratu du.

UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, Jose Luis Mendozak Hezkuntza kontseilari karguan jarraitu ezin duela esan dute. Ildo horretan, haren dimisioa edo kargugabetzea eskatu dute.

Lan Eskaintza Publikoaren kontrako salaketa jarri zuen Afapna sindikatuak “eskua luzatu” dio Nafarroako Gobernuari, “oposiziogileei kalterik egin gabe arazoa konpontzeko”.

ELAk Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa defendatu du eta ebazpena “lotsagarritzat” jo du. Nafarroako Gobernuari epaiaren kontrako helegitea jartzeko deia egin dio, “bere langileak babesteko”.

CSIF sindikatuak negoziazioa berriro abiarazteko galdegin dio Hezkuntza Departamentuari.

STEILAS sindikatuak “kezka handiz” hartu du erabakia eta ebazpena zorrotz aztertu ostean egingo du balorazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Lana albisteak Gizartea albisteak Ekonomia Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentua