Ekonomia -

LAB

Ainhoa Etxaidek utzi egingo dio LABeko idazkari nagusi izateari

Sindikatuak bere webgunearen bidez jakitera eman duenez, maiatzeko kongresuan 'Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute'.

Ainhoa Etxaide, LAB sindikatuaren egungo idazkari nagusia. Artxiboko argazkia.
Ainhoa Etxaide, LAB sindikatuaren egungo idazkari nagusia. Artxiboko argazkia.
Ainhoa Etxaidek utzi egingo dio LABeko idazkari nagusi izateari

1:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB sindikatuak datorren maiatzean kongresua egingo du, eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak ez du bere burua aurkeztuko karguan errepikatzeko.

LABek bere webgunearen bidez jakitera eman duenez, "berritasunez beteta" etorriko den sindikatuaren biltzar nagusiaren nondik norakoak azalduko dituzte datorren astean, eta berritasun horien artean, besteak beste, idazkaritza nagusiari begirakoak ere izango dira: "Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute".

Sindikatuaren informazioan jasotzen duenaren arabera, "LAB sindikatua 9. Biltzar Nagusiaren prestaketa lanetan bete-betean sartu da. 2017ko maiatzaren 25 eta 26an izango da Kongresua, Gasteizen". Horren harira, prentsaurreko bat antolatu dute datorren asterako (azaroaren 15erako) Bilboko egoitzan, eta bertan "lekuko aldaketaren xehetasunak eta Kongresuari lotutako zehaztapenak" emango dituzte.

Haien aburuz, "emankorra izan da LABentzat azken bost urteotan eginiko bidea. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua maiatzeko hitzordura".

Horrez gain, honako hauxe gaineratu dute: "Euskal Herrian behar duen sindikalismo eredua Birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin dugu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gara".

Ainhoa Etxaidek 2008an hartu zuen LABen idazkari nagusi kargua, egun espetxean dagoen Rafa Diez Usabiagak utzitako lekua hartuta.

2012an, Barañainen egindako VIII. Biltzarrean, berriro aukeratu zuten sindikatuko idazkari nagusi.

Etxaide 1972an jaio zen Hondarribian eta ikasketaz Zuzenbideko lizentziaduna da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak Ekonomia 2024 Albisteak