Ekonomia -

Ez du babestuko museoa

Urdaibain 132 milioi euro inbertitzea proposatu du Jaurlaritzak

Kultura sailburuak ohartarazi du eskualdean beste Guggenheim museo bat egiteak "neurriz kanpoko" kostua izango lukeela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak errefusatu egin du Urdaibain beste Guggenheim museo bat egitea, proiektuaren kostua "neurriz kanpokoa" baita eta ez baitator bat "herrialdearen beharrekin".

Halaber, Gasteizko Exekutiboak gaineratu du ez duela dirurik jarriko proiektuan.

Manuel Salinero Lehendakaritzako idazkari nagusiak eta Blanca Urgell eta Pilar Unzalu Kultura eta Ingurumen sailburuek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Urdaibaiko eskualdea suspertzeko plana aurkezteko.

Ekimenak 132,31 milioi euroko aurrekontua izango luke, 2015 urtea arte.

Besteak beste, Gernikako Astra fabrika zaharberritzea aurreikusten du proiektuak, kultura sormena eta bake-ekimenak sustatzeko eraikina izan dadin. Halaber, Arte eta Ingurumen Bienala sortzea ere proposatu dute.

Industria Iraunkorraren atalean, Gernikan ingurumenarekin, ostalaritzarekin eta turismoarekin zerikusia duen Lanbide Heziketa zentro bat eta Diseinu Ekologikoari buruzko Goi-mailako Institutu bat eraiki nahi dituzte.

Gainera, Muxikako Miango-Agerre-Untxeka industriagunea sustatu nahi dute.

Azpiegiturak Tren zerbitzua hobetzea ere helburu dute, hau da, tren maiztasunak handitzea eta Amorebieta-Bermeo tarteko geltokietan irisgarritasun plana abiatzea.

Azkenik, Euskadiko turismo kanpainetan Urdaibaiko eskualdea sustatuko dute, eta turismo ekologikoaren, iraunkorraren eta kalitatezkoaren alde egingo dute. Egonaldiak hezkuntza zikloekin, hizkuntza ikastaroekin eta enpresa kudeaketa espezializazioarekin lotu nahi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea