Ekonomia -
Erabakia
Bizkaian 2,8 euroko igoera izango du uraren tarifak 2017an
Ur horniduraren kostua eta zerbitzuaren prezioa egokitu behar direla arrazoitu dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunek.
Agentziak | Erredakzioa
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak asteazken honetan jakinarazi duenez, uraren prezioa % 1,8 igoko da 2017an. Aurtengo datuak kontuan izanda, familia bakoitzak batez beste 2,8 euro gehiago ordaindu beharko dituela suposatzen du datu horrek.
Asteazken honetan, azaroak 2, hartu du erabakia Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Batzar Nagusiak. Bizkaiko etxe gehienetan hornidura eta saneamendu zerbitzuez arduratzen da, hau da, ura hornitzeaz gain, hondakin-urak hustu eta tratatu egiten ditu.
Ildo horretatik, hartutako erabaki hori arrazoitzeko orduan ur horniduraren kostua eta zerbitzuaren prezioa egokitu behar direla esan dute arduradunek. Zehazki, gaur egun indarrean dauden tarifekin zerbitzuaren kostuaren % 93 inguru ordaintzen dute fakturek. Alabaina, ematen dituzten zerbitzuengatik sortzen diren gastuen % 100 ordaindu ahal izateko tarifak igo behar dituztela esan dute ur partzuergoko arduradunek.
Era berean, oinarrizko beharrak ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonek eta, zehazki, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek, zerbitzu horiek ordaintzeko egiten duten ahalegina aitortu nahi izan dute eta artikulu berria onartu dute.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak ematen duen laguntza hori jasotzen duten pertsonek % 30 gutxiago ordaindu beharko dute datorren urtean.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunek azaldu dutenez, neurri horren helburu nagusia baliabide gutxi dituzten pertsonek ur partzuergoaren tarifa ordaintzeko egiten duten ahalegina aitortzea da.
Beste alde batetik, ordaintzeko zailtasunak dituztenei ez dietela hornidura eta saneamendu zerbitzua mozten ziurtatu du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradunak.