Ekonomia -
lan istripua
41 urteko langile bat hil da Bilboko Albia eraikinean
Gizonezkoa sabai-leiho batetik erori da, eraikineko aurrealdean egiten ari diren lanen baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Berrogeita bat urteko gizonezko bat hil da gaur arratsaldean Bilboko Albia eraikinean jazotako lan istripu batean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik azaldu dutenez, ezbeharra 15:45ean jazo da. Ordu horretan, langilea sabai-leiho batetik erori da (10 metro inguru).
Anbulantzia bat bertaratu da, baina medikuak ezin izan du ezer egin haren bizia salbatzeko.
Aurten 51 langile hil dira lan istriputan Hego Euskal Herrian, sindikatuek salatu dutenez.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, biktima azpikontratatutako langilea zen, izan ere, Construcciones Olabarrik kontratatutako Sesman enpresan (Zamudio) egiten zuen lan.
Sindikatu horren arabera, langile bat azpikontratatzeak prekarietatea eta prestakuntza falta dakar. Gainera, produkzioa handitzeko presioak lan istripuak izateko aukerak handitzen dituela ziurtatu du.
Langile Komisioak ere azpikontratuen kontrako adierazpenak egin ditu eta prebentzio neurriak indartu dezaten eskatu du. Gainera, kontratista nagusiaren eta azpikontratutako enpresaren arteko koordinazioa handiagoa izan beharko litzatekeela esan du Langile Komisioak.
Bestalde, istripuen kontra administrazioaren inplikazio handiagoa eskatu du ELAk. “Legeak baliogabeak dira orokorki betetzen ez badira, eta egoera honen aurrean ikuskaritzak neurriak hartzen ez baditu”, azpimarratu du.
Ezbeharra salatzeko, sindikatuek elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako, azaroak 4, Albia Eraikuntzaren aurrean.