Ekonomia -
Protestek jarraitzen dute
Greziako sindikatuek greba orokorra deitu dute ekainaren 29rako
Lan-erreformaren aurkako mobilizazioek jarraitzen dute, eta beste lanuzte bat iragarri dute.
Erredakzioa
Ekainaren 29rako greba orokorra deitu dute Greziako sindikatu nagusiek, urteko seigarren greba dagoeneko. Dekretu baten bidez Gobernuak onartu nahi duen lan-erreformaren aurka protesta egingo dute sindikatuek.
24 orduko lanuzte berria mobilizazioen eta protesten jardunaldi berri batean iragarri dute, izan ere, aldaketa legalak erretiroa hartzeko adina 61 urtetik 65 urtetara arte igoko du eta pentsioa jasotzeko gutxieneko kotizazioa 40 urtetan ezarriko du, egun 35 urte direnean.
Poliziak emandako datuen arabera, alderdi komunistako 5.000 bat manifestarik protesta egin dute gaur Atenaseko erdialdean eta etorbide nagusietako zirkulazioa itxi behar izan dute.
Garraio publikoaren lanuztea
Gainera, Greziako hiriburua garraio publikorik gabe geratu da gaur bost orduz, sektoreko langileen zati batek protesta egin baitu. Era berean, metro zerbitzuak geldirik jarraitzen du, bigarren egunez jarraian. Azken greba hau asteartera arte luzatuko da.
Sektore pribatuko eta funtzionarioen sindikatu nagusiek deitu dute greba orokor berria eta Parlamentuan izan beharreko eztabaidarekin bat egingo du. Lan-erreforma eztabaidatu behar dute Parlamentuan. Erreformak kaleratzeak erraztu eta kalte-ordainak murrizten ditu.
Legearen neurriak dekretu bidez onartuko dituzte, premiazkoak direlako. Izan ere, Estatuaren porrota saihesteko helburuarekin kanpoko laguntza jasotzen jarraitzeko Greziari jarritako baldintzetako bat da erreforma.