Ekonomia -

Ministroen Kontseilua

Gobernuak onartu egin du lan erreforma

Hurrengo astean, erreforma lege-proiektu bezala izapidetzea onartuko dute Kongresuan, seguru aski. De la Vegak nabarmendu du Gobernuaren helburu nagusietako bat "kaleratzea azken aukera" izatea dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministroen Kontseiluak onartu egin du lan erreforma polemikoaren lege-dekretua. Atzo bertan, CCOO eta UGT sindikatuek greba orokorra deitu zuen irailaren 29rako Espainia osoan. Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuaren aurka egingo duten lehena izango da.

Ministroen bileraren ostean egindako agerraldian, Maria Teresa Fernandez de la Vegak nabarmendu du Gobernuaren helburu nagusietako bat "kaleratzea azken aukera" izatea dela.

Bestalde, Celestino Corbacho Lan ministroak esan du "lege on bat" onartzea espero dutela, lege-dekretua Madrilgo Kongresutik igaro ondoren. "Legerik hoberena onartuko dugu", gaineratu du.

"Erreforma ona da, asmo handikoa, arazoei aurre egingo dion egitasmoa. Gure ekonomia hazkundearen bidean jarriko duen erreforma dugu esku artean". Bere esanetan, hartutako erabakiarekin "ez dago atzera egiterik".

Besteak beste, honako puntuak aurreikusten ditu testuak: Sei hilabetez galerak dituzten enpresek 20 eguneko kaleratze kalte-ordainak baino ez ordaintzea; kaleratzeak ordaintzeko funtsa sortzea eta 33 eguneko kaleratze kalte-ordainak dituen kontratu mota sustatzea (egun 45 egunekoa da kalte-ordaina).

Dekretua testuak ezarriko duen egunean sartuko da indarrean. Ohi bezala egiten badute, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) publikatu eta egun batera izango da.

Baina nahiz eta dekretua berehala sartu indarrean, hurrengo astean lege-proiektu bezala izapidetzea onartuko dute seguru asko. Horrenbestez, alderdiek zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, nahi beste puntu aldatzen saiatzeko.

Lan erreforma eskuan, Zapatero Bruselara joango da gaur. Bere azken bilera izango da Europar Batasuneko txandakako presidente izanda.

Mariano Rajoy PPko burua ere Bruselan izango da, baina Europako Alderdi Popularraren afari batean parte hartzeko.

Aurrekontuen gastu-muga

Bestalde, Ministroen Kontseiluak 2011ko Aurrekontuen gastu-muga eta 2011-2013 urteetarako egonkortasun helburuak onartuko ditu gaur.

Hurrengo urteko Aurrekontuen gastu-muga 122.256 milioi eurokoa izango da, hots, aurtengoa baino % 7,7 txikiagoa.

Egonkortasun helburuen artean, 2013rako defizit publikoa % 3ra jaistea daukate.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea