Ekonomia -
Nafarroa
Noaingo aireportuak Europarako hegaldiak eskaintzeko proiektua, abian
Nafarroako Gobernua lanean ari da Noaingo aireportuak Paris, Frankfurt edo Amsterdam bezalako hirietara hegaldiak eskain ditzan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manu Ayerdi Ekonomia Garapenerako presidenteordeak iragarri du Nafarroako Gobernuak berehala abiaraziko dituela izapideak, Noaingo aireportuak Europarako hegaldiak eskaini ahal izateko.
Foru Gobernuak duela urtebete eskatuta, MKMetric eta Uniconsul konpainiek egin duten txostenaren arabera, 160.000-200.000 bidaiarik erabiliko zuten Noaingo aireportua Parisera, Frankfurtera edo Amsterdamera joateko.
“Bi hegazkin aterako lirateke egunero Noaingo aireportutik”, zehaztu du Ayerdik. Lehendabiziko urteetan zerbitzua eskainiko duen hegazkin konpainiak laguntza ekonomikoa beharko duela erantsi du, ibilbidea egonkortu eta bideragarria izan bitartean.
Aurreikusitako eskaria nahikoa dela adierazi du, proiektua martxan jartzeko. Ildo horretan, Ayerdik gogora ekarri du Noaingo aireportuak milioi bat bidaiari dituela urtero. Gainera, Iruñea Paris, Frankfurt edo Amsterdamekin lotzeak Nafarroako ekonomian eragin garrantzitsua izango duela esan du.
“Oso litekeena da irabazi ekonomikoak egitasmoa burutzeko bideratutako diru-laguntzak baino handiagoak izatea”, azpimarratu du.
Dena ondo bidean, Europarako hegaldiak 2017ko urritik aurrera izan daitezke Noaingo aireportuan.