Ekonomia -
Lan-erreforma
Gobernuak langileen kapitalizazio fondo bat proposatu du
Gobernuak agente sozialei helarazi dien lan-erreformaren zirriborroaren arabera, fondo horri egin beharreko ekarpenak langilearen lan-bizitza osoan zehar mantendu beharko dira.
Erredakzioa
Gobernuak langileen kapitalizazio fondo bat sortu nahi du Austriako ereduari jarraituz. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera sinatzen diren lan-kontratu finkoentzat operatibo izan behar du fondo horrek.
Gobernuak agente sozialei helarazi dien lan-erreformaren zirriborroaren arabera, fondo horri egin beharreko ekarpenak langilearen lan-bizitza osoan zehar mantendu beharko dituzte enpresariek. Ekarpenak enpresariak egingo ditu langile bakoitzeko.
Lan egindako urte bakoitzeko eta langile bakoitzeko zenbat eguneko soldata ordaindu beharko duten ez du zehazten testuak.
Enpresariak ordaindu beharreko kaleratzeen kalte-ordainari langilearen fondoari aurretik egindako ekarpenak kenduko dizkiote.
Bere alde pilatu dituen kopuruen ordainketak jasotzeko aukera izango du langileak, kaleratzeen, mugigarritasun geografikoaren edo hezkuntza ekintzen kasuetan.
Kasu horietan jasotzeko aukerarik ez baldin badu, langileak erretiroa hartzen duenean jasoko du fondoaren ekarpena.
Lanaldiaren murrizketa
Lanaldia murriztearen alde edo aldi baterako kontratuak bertan behera uzten dituzten enpresek ezin izango dute urte bat baino gehiagorako egin, proposamenaren arabera.
Erreforma hilaren 16an onartuko du, dekretu bidez.
Gobernua talde politikoaren babesa biltzen saiatzen ari da orain, eta Zapaterok berak erantzukizuna izateko eskatu die alderdiei.
Akordio falta ikusita, Zapaterok aurrea hartu du eta erreformak nolakoa izan behar duen "oso argi" daukatela nabarmendu du.
Bien bitartean, sindikatuek erreformaren edukia ezagutu arte itxaron nahi dute, greba orokorra deitu edo ez erabakitzeko.
Halakoa izango da lan erreforma
Gobernuak egingo duen dekretuak kaleratzeak merkatzea aurreikusiko du seguru aski. Hain zuzen ere, krisian dauden enpresek ordaindu beharko lituzketen kaleratze kalte-ordainak 20 egunekoak izatea proposatuko du (gaur egun 45 egunekoak dira).
Halaber, kausa objektiboetako kaleratzeak (kausa ekonomikoak, teknologikoak edo antolakuntzakoak tartekoak) erraztu egin nahi ditu, kalte-ordaina 20 egunera murriztuz; eta bidegabeko kaleratzea 45 egunetik 33ra ere murriztu nahi du.
Exekutiboak enplegu iraunkorreko kontratua deritzona (33 eguneko kaleratze kalte-ordaina duena) hedatu nahi du.
Baina gaurko bileran berritasun bat mahaigaineratu dute: Soldatak Bermatzeko Funtsak (Fogasa) kaleratze kalte-ordainetako zortzi egun ordaintzea.
Alde guztiak proposamenaren alde agertu dira. Izan ere, enpresaburuentzat merkeagoa izango lirateke kaleratzeak, eta langileek ez lituzkete galduko beren eskubideak.