Ekonomia -

10 orduko bilera

Porrot egin du lan-erreformaren negoziazioak

- Gobernuak dekretu bidez inposatuko du erreforma, hilaren 16an.

- Desadostasun nagusiak kaleratzeak merkatzearen inguruan etorri dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan merkatuaren erreforma adosteko Gobernuak, CEOE patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek ezarri zuten azken bilera akordio barik amaitu da gaur goizean.

10 orduz batzartuta egon eta gero, Celestino Corbacho Lan ministroa, Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidentea eta Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOOko eta UGTko idazkari nagusiak ez dira gauza izan erreforma adosteko. Horrenbestez, Gobernuak inposatu egingo du erreforma, hilaren 16an.

Sindikatuen iturriek azaldu dutenez, patronalarekin desadostasun handiak dituztelako egin du porrot bilerak.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, lan-erreformak kaleratzeak merketuko ditu langileen eskubideak murriztu gabe. Gainera, "enpresen barneko malgutasuna" ekarriko du, besteak beste, "lanaldian, lan baldintzetan eta hitzarmen kolektiboaren soldaten erregulazioan".

Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroarekin bildu ostean egindako prentsaurrekoan, Zapaterok esan du "funtsezko" erreforma izango dela Espainiako merkatuarentzat. Ildo horretan, Parlamentuan "babes handia" lortzea espero duela adierazi du.

Bere aldetik, Lan Ministerioak adierazi du bihar txosten bat igorriko diela zentralei eta patronalari, Gobernuaren ustez lan erreforma nolakoa izan beharko litzatekeen helarazteko.

Gainera, arratsaldean patronalarekin, sindikatuekin eta enpresaburuekin batzartuko da, baina bilera ezberdinetan.

Bilerak iraun duen tartean (atzoko 19:30ean hasi zen, eta gaurko 06:00etan bukatu), ia argi zegoen ez zela akordiorik lortuko, desadostasun handiak baitzeuden kaleratzea merkatzearen inguruan.

CEOEko zuzendaritzak Gobernuaren neurriak aztertuko ditu gaur goizean, 10:00etan.

Greba orokorra?

Orain, baliteke sindikatuek greba orokorra deitzea, Zapateroren Exekutiboak erreforma dekretu bidez onartuko balu eta langileentzat kaltegarria izango balitz egingo dutela ohartarazi baitzuten.

Fernando Lezcano CCOOko Komunikazio arduradunak zehaztu du Gobernuaren txostena irakurri nahi dutela greba egin edo ez erabakitzeko.

Halakoa izango da lan erreforma

Gobernuak egingo duen dekretuak kaleratzeak merkatzea aurreikusiko du seguru aski. Hain zuzen ere, krisian dauden enpresek ordaindu beharko lituzketen kaleratze kalte-ordainak 20 egunekoak izatea proposatuko du (gaur egun 45 egunekoak dira).

Halaber, kausa objektiboetako kaleratzeak (kausa ekonomikoak, teknologikoak edo antolakuntzakoak tartekoak) erraztu egin nahi ditu, kalte-ordaina 20 egunera murriztuz; eta bidegabeko kaleratzea 45 egunetik 33ra ere murriztu nahi du.

Exekutiboak enplegu iraunkorreko kontratua deritzona (33 eguneko kaleratze kalte-ordaina duena) hedatu nahi du.

Baina gaurko bileran berritasun bat mahaigaineratu dute: Soldatak Bermatzeko Funtsak (Fogasa) kaleratze kalte-ordainetako zortzi egun ordaintzea.

Alde guztiak proposamenaren alde agertu dira. Izan ere, enpresaburuentzat merkeagoa izango lirateke kaleratzeak, eta langileek ez lituzkete galduko beren eskubideak.

Gobernua Alemaniako eta Austriako ereduak ezartzea ere aztertzen ari da, hots, lan-eguna murriztea kaleratzearen alternatiba gisa, eta enpresaburuek kalte-ordainak ordaintzeko funtsa sortzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea