Ekonomia -
Soldata desberdintasuna
EAEko emakume gazteek gizonek baino 266 euro gutxiago irabazten dute
"Ibilbide moreak" izeneko txostenean egiaztatu dute lehenengo "zatiketa horizontala" garaiz ematen dela, mutilek eta neskek ikasketa desberdinak hautatzen dituztenean.
agentziak | erredakzioa
EAEko emakume gazteek adin bereko gizonezkoek baino 266 euro gutxiago irabazten dute batez beste, eta ia erdiek (% 48) lanaldi partzialak dituzte, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak egin berri duen txosten batean agertzen denez.
"Ibilbide moreak" izeneko txostenean aztertu dute ea desberdintasunak dauden gizonezkoen eta emakumezkoen artean lana bilatzeko garaian, eta egiaztatu dute lehenengo "zatiketa horizontala" garaiz ematen dela, mutilek eta neskek ikasketa desberdinak hautatzen dituztenean.
Gero, lana bilatzerako garaian, emakume gazteek "estetikari buruzko eta amatasunaren inguruko galderak entzun behar izaten dituzte, gizonezkoek ez bezala", salatu du Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak.
Ondorioz, emakumezkoek batez beste 266 euro gutxiago jasotzen dituzte hilean, eta % 48ak lanaldi partziala du; izan ere, Olabek gogorarazi du lanaldi mota hori "historikoki emakumeentzako diseinatutako lan gisa ulertu" dela.
Egoera iraultzeko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Berdintasun Planen jarraipen handiagoa eskatu dio Jaurlaritzari, "neurri asko paperean" geratzen direlakoan. Gainera, generoaren ikuspegia enpresen negoziazio kolektiboan sartzea eskatu dute.