Ekonomia -
2016ko uztaileko datuak
% 8,3 igo dira lan-istripuak EAEn
Osalanek jakitera eman dituen datuen arabera, bajak eragin dituzten 20.357 istripu gertatu dira urte hasieratik uztailera arte.
Agentziak | Erredakzioa
Bajadun 20.357 lan-istripu gertatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan urte hasieratik uztailera arte, eta horrek esan nahi du % 8,3 areagotu dela kopurua aurreko urteko tarte berarekin alderatuta. Heriotza eragin duten istripuak 17 izan dira, aurreko ekitaldian baino bat gutxiago, Osalanek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, argitaratu dituen datuen arabera.
Aipatu kopuruak kontuan hartzen ditu bai lanaldian zehar izandako ezbeharrak, bai in itinere jazotakoak, baita berriz gaixotzeak ere. Horrela, lanaldian izandako istripuak 17.155 izan dira (+% 9,7) eta in itinere gertatutakoak 2.078 (-% 4,7).
Lanaldian zehar izandako istripu guztien artetik 17.053 arinak izan dira (+% 9,8), 89 larriak (-% 7,3) eta 13k heriotza eragin dute (2015ean baino lau gutxiago). In itinere motako ezbeharrei dagokienez, 2.062 arinak izan dira (-% 4,9) eta larriak 12 (+% 9,1) eta lauk heriotza eragin dute (2015ean heriotza bakarra gertatu zen arrazoi horregatik).
Eraikuntza izan da lan-istripu kopuru gehien izan dituen sektorea (48,8 baja, lan egiten duen mila pertsona bakoitzeko). Sailkapen horretako bigarren postuan Lehen sektorea agertzen da (46,2 baja, lan egiten duen mila pertsona bakoitzeko), eta jarraian datoz Industria (40,3 baja) eta Zerbitzuak (16 baja).