Ekonomia -
Finantzak
655 milioi euroko erreskatea adostu du Abengoak hartzekodunekin
Konpainiaren akzioek ia % 10 gora egin dute Burtsako saioaren hasieran.
Agentziak | Erredakzioa
Banku hartzekodunekin eta funtsekin erreskate akordio bat itxi du Abengoak, zorra berregituratzeko eta berriro kapitalizatzeko. Hala, taldeak ia 655 milioi euro jasoko ditu.
Abengoaren akzioek ia % 10 gora egin dute Burtsako saioaren hasieran.
Konpainiak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez, guztira 1.169,6 milioiko mailegua jaso du Abengoak, baina 2015eko iraila eta abendua artean eta 2016ko martxoan jasotako mailegu finantzatuak barne (515 milioi euro).
Azken asteetan negoziazio bilera luzeak egin dituzte aldeek akordioa adosteko. Azkenean, konpainiak eta hartzekodunek bart itxi dute akordioa, 01:30 aldera. Testuak hiru tarte jasotzen ditu.
Hiru tarte
Konkretuki, lehen tartea 945,1 milioi eurokoa da. Itzultzeko epea 47 hilabete izango dira. Besteak beste, A3T Mexikoko proiektuak eta Atlantica Yielden akzioek bermea izango dute. Hartzekodunek kapital sozialaren % 30 jasotzeko eskubidea izango dute berregituraketaren ondoren.
Bigarren tartea 194,5 milioi eurokoa izango da, eta dirua bueltatzeko epea 48 hilabetekoa. Hartzekodunek Abengoa berriaren kapital sozialaren % 15 jasotzeko eskubidea izango dute.
Hirugarren tarteak 30 milioi euroko kontingentzia kreditu lerro bat izango du. Itzultzeko epea 48 hilabetekoa izango da. Hartzekodunek kapital sozial berriaren % 5 jasotzeko eskubidea izango dute.