Ekonomia -

Gipuzkoako datuak

Adegi:"Sortzen den enplegua eta suntsitzen dena maila berean daude"

Adegik bihar egingo du bere urteroko Batzar Nagusia, Donostian. Bertan, aro berriak lehiakortasuna eskatzen duela nabarmenduko dute arduradunek enpresa buruen aurrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako enpresen egoerak hobera egin du azken hiruhilekoan, baina, oraindik ere, enpresa gehienen salmenta maila apala da, iharduerak bere horretan jarraitzen du eta inbertsioak ez dira gehiegi igoko. Gipuzkoan sortzen den enplegua eta suntsitzen den enplegu kopurua maila beretsuan daudela nabarmendu du Adegik.

Adegik bihar egingo du bere urteroko Batzar Nagusia, Donostian. Bertan, aro berriak lehiakortasuna eskatzen duela nabarmenduko dute arduradunek enpresa buruen aurrean.

Gipuzkoako enpresen elkarteak uste du premiazkoa dela Espainiako lan merkatuaren erreforma.

Eduardo Zubiaurre presidentearen esanetan, Gipuzkoako lehen hiruhileko datuak "etsigarriak" izan dira, Barne Produktu Gordina "geldituta" dagoelako eta industria-ihardueraren igoera % 0,2an geratu delako. Hala ere, bere hitzetan, apirilean izan den langabeziaren jaitsiera da daturik garrantzitsuena, orotara 1.313 pertsona gutxiago. Horrez gain, apirilean 15.110 kontratu sinatu dituzte (2009ko epe berdinarekin alderatuz, % 3,7 gehiago).

Horregatik, denbora gutxi barru (udan zehar, seguruenik) langabeziaren "murrizketa" etorriko dela uste du Adegik, orain "sortzen den enplegua eta suntsitzen dena maila beretsuan daudelako".

Adegiren inkestaren arabera, Gipuzkoako enpresen % 75ek langile kopurua mantentzea espero dute, eta % 8k, berriz, pertsonala handituko dutela uste dute. Gainontzeko % 18k langile gehiegi dauzkatela diote.

Salmentak bere horretan gelditu dira, eta hamar enpresetatik 8k eskaera gutxi dituzte. Produkzioa ez da gehiegi hazi, eta enpresek inbertsio berdintsuak (edo baxuagoak) egin behar dituzte datozen hilabeteetan. Datu hauekin, errekuperazioa "motela" izango dela esan du Adegik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea