Ekonomia -
Kontrol saioa
Aberatsenen zerga "gutxi barru" igoko dutela iragarri du Zapaterok
Espainiako gobernuburuak esan du hori izango dela Gobernuak aurreikusi duen zerga igoera "bakarra" eta "ahalmen ekonomiko handia" dutenei soilik eragingo diela.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteak iragarri du "aste gutxi barru" aurkeztuko dituztela diru gehien dutenei zergak igotzeko formula.
Kongresuan egiten ari diren kontrol saioan eta Mariano Rajoy PPren buruzagiari erantzute aldera, Zapaterok esan du hori izango dela Gobernuak aurreikusi duen zerga igoera "bakarra" eta "ahalmen ekonomiko handia" dutenei bakarrik eragingo diela eta azaldu duenez, "gure zerga sistemak ematen dituen aukerak" aztertzen ari dira jarritako helburua lortzeko.
Zapaterok berretsi du ez dituztela zergak orokorrean igoko eta igoerak ez diola jendartearen "% 99,9 luze bati" eragingo. Horren harira, Rajoyri "lasai" egon dadila eta aipatu neurriaren aldeko botoa eman dezala eskatu dio.
Gizartearen gehiengoa egiten ari den moduan, gehien duten herritarrek "krisi garai honetan elkartasun esfortzu bat" egitea omen da Gobernuaren nahia.
Iragarpen "kezkagarri" horren aurrean, Rajoyk azalpenak eskatu dizkio presidenteari: zergak errentari, ondareari edo zeri eragingo dion, eta berretsi du Zapaterok gaur bertan azaldu beharko lukeela deskonfiantza eta kezka gehiago ez zabaltze aldera.
PPren buruzagiak ohartarazi du "zergak igotzea eta soldatak murriztea txarra dela kontsumoarentzat" eta, gainera, BEZa igotzen bada, "okerragoa" izango dela egoera. "Zure politika ekonomikoak beharko litzatekeenaren kontrakoa egiten du", esan dio Rajoyk Zapaterori.
Gainera, Rajoyk gaitzetsi egin du Gobernuak iritziz "gehiegitan aldatu" izana, baina Zapaterok erantzun dio gobernu guztiak ari direla erabakiak "oso azkar" hartzen eta iritziz aldatu behar izaten dutela, "baina horretarako iritzi bat izan behar da". "Zuk ez duzu iritzia aldatu, ez duzu eta", gaineratu du Espainiako gobernuburuak.