Ekonomia -

Lan Eskaintza Publikoa

78 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo du Arabako Foru Aldundiak

Oinarriak urteko azken hiruhilekoan argitaratuko dira, eta hautaprobak 2016ko urtearen amaieran eta 2017ko urtearen hasieran izango dira.

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiak 78 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo du 2016an erakundearen kualifikaziorik handieneko taldeetan (A1 eta A2); hain zuzen ere, erdi mailako eta goi mailako tituludunentzat, Foru erakundeak berri eman duenez.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak gaur egindako prentsaurrekoan aurkeztu du lan eskaintza publikoa eta bihar eramango dute gaia Diputatuen Kontseilura, onartua izan dadin.

Azken bederatzi urtean egindako lehendabiziko lan eskaintza publikoa da; izan ere, 2007. urtearen erdialdean izan zen azkena.

Gonzalezek azaldu duenez, 78 lanpostu horietatik 60 lehiaketara aterako dira eta gainerako 18 lanpostuak, ostera, barne promoziorako izango dira.

Enplegu Publikoaren Eskaintzan A1 taldeko lanpostuak eskainiko dira, administrazio orokorreko teknikari, ekonomia eta enpresa zientziak, zuzenbide, arkitektura, errepide ingeniaritza, ubide eta portu, ingeniaritza agronomo nahiz zerga ikuskaritza eta antolaketakoak, bai eta A2 taldeko lanpostuak ere, arkitektura tekniko, nekazaritza ingeniaritza tekniko, basogintzako ingeniaritza tekniko eta bibliotekonomia eta dokumentaziokoak.

Gonzalezen esanetan, lan eskaintza publiko horren bitartez 8 puntu baino gehiago murriztu ahal izango da bitarteko langileen tasa, % 28tik % 20ra, hain zuzen, eta, hartara, lehenbiziko urrats bat egingo dela lantaldea gaztetzeko.

Oinarriak urteko azken hiruhilekoan argitaratuko dira, eta hautaprobak 2016ko urtearen amaieran eta 2017ko urtearen hasieran izango dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Albisteak Lan Eskaintzak Arabako Foru Aldundia albisteak