Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
Batzorde mistoa biltzea eskatu dio lehendakariak Zapaterori
Ahaldun nagusiekin bildu ostean, Zapaterori eta Salgadori deitu diela iragarri du Patxi Lopezek, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa biltzea proposatzeko.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentearekin hitz egin du gaur, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa biltzea eskatzeko. Gobernu zentralak krisiari aurre egiteko iragarritako neurriak, batzordeak EAEn nola aplikatu aztertzea nahi du Lopezek.
Jokin Bildarratz Eudeleko presidentearekin eta hiru diputatu nagusiekin Gasteizen bildu ostean, lehendakariak agerraldia egin du Bilbon, bileran eztabaidatutakoa baloratzeko. Langabeak eta pentsiodunak laguntzeko neurri fiskalak hartzeko borondatea agertu dute aldundiek, baina lehendakariak ez du iritzirik eman. Bilera "adeitsua" izan dela adierazi du Lopezek.
Diputatu nagusiekin bildu ostean, Zapaterori eta Elena Salgado presidenteordeari deitu diela iragarri du Patxi Lopezek, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa biltzea planteatzeko. Euskadiren egoera ekonomikoa Espainiakoa baino hobea dela gogorarazi du lehendakariak.
Funtzionarioen soldaten murrizketa Euskadin aplikatzeari buruz, onartutako lege-dekretuak bakarrik oinarrizko ordainsariak jaistera behartzen duela esan du Lopezek, eta ez osagarriak. Eusko Jaurlaritzak beherakada soldata osoaren gainean egitea nahi du, agintariaren hitzetan. Era berean, euskal enpresa publikoetako langileei soldatak murriztuko dizkiete.
Inbertsioei dagokionez, 2010ean egin beharrekoak mantenduko dituztela iragarri du, baina 2011koak "baliabideak baldin badaude" egingo dituzte.
Aldundien eskaerak
Gobernu zentralak proposatutako neurriak "bat-batean egindakoak, gogorrak, bidegabeak eta epe laburrera" direla adierazi dute Jose Luis Bilbao, Markel Olano eta Xabier Agirre Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako diputatu nagusiek. "Egoera ezberdinen aurrean, guztientzako kafea" direla deritzote.
Zapateroren ekimenek langabetuengan eta pentsiodunengan eragingo duten kaltea konpontzeko "neurri fiskalak" martxan jartzeko eskatu diote Patxi Lopez lehendakariari.
Bilbao, Olano eta Agirreren ustez ,funtzionarien kasuan "egokiena" soldataren izozketa litzateke, beti ere, "egoerak hobera egiten duen arte".
Eudelen analisia
Bestalde, Jokin Bildarratzen hitzetan (Eudel), EAEn "gauzak beste modu batera egin dira", eta erregimen fiskala beste erkidego batzuekin alderatuz "guztiz ezberdina da".