Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
Euskal erakundeak bat datoz plana ezartzearekin, baina ñabardurekin
Hiru ahaldun nagusiak batera agertuko dira gaur arratsaldean, eta baliteke lehendakariak ere prentsaurrekoa ematea.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta EAEko udalak bat datoz Espainiako Gobernuak onartu dituen gastu publikorako murrizketak ezarri egin behar direla esaterakoan. Batez ere, funtzionarien soldatak murrizteari dagokionean.
Alabaina, Zapateroren plana euskal ekonomiaren "berezitasunak" eta autogobernua kontuan hartuta aplikatu beharko litzatekeela azpimarratu dute, nahiz eta hori "zaila" izango dela onartu duten.
Fiskalitatearen balizko erreforma egiterakoan, berriz, euskal erakundeek "ñabardurak" agertu dituzte.
Horiek dira Jokin Bildarratz Eudeleko presidenteak bileraren ostean nabarmendu dituen ondorioetako batzuk. Patxi Lopez, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia eta Jokin Bildarratz ordu eta erdiz egon dira bilduta Lehendakaritzan.
Jose Luis Rodriguez Zapaterok krisiari aurre egiteko aurkeztu dituen neurriak izan dituzte aztergai, tartean funtzionarien soldatak % 5ean murriztea eta pentsioak izoztea.
Bilerako erreflexioak jasotzen dituen dokumentua bidaliko die bihar lehendakariak erakunde guztie.
Bildarratzen hitzetan, EAEn "gauzak beste modu batera egin dira", eta erregimen fiskala beste erkidego batzuekin alderatuz "guztiz ezberdina da".
Hori dela eta, "euskal erakunde guztiek antzeko ikuspegia dute" Zapateroren neurrien aurrean. Bilera giro "onean, lasaian eta ekarpenak egiteko moduan" gauzatu da.
Hiru ahaldun nagusiak batera agertuko dira gaur arratsaldean, eta baliteke lehendakariak ere prentsaurrekoa ematea.