Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJk ez ditu Zapateroren murrizketa-neurriak babestuko
Euskadi ere esfortzuak eta "etxerako lanak" egin behar dituela esan du Iñaki Arriolak. Bestalde, Zapateroren neurriak ez dituela babestuko esan du EAK.
Erredakzioa
Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak adierazi duenez, bere alderdiak ez ditu Ministro-Kontseiluan onartu diren Zapateroren murrizketa-neurriak babestuko.
Egibarrek Radio Euskadiko "Parlamento de las Ondas" saioan parte hartu du eta alderdi jeltzaleak Zapaterok, defizita murrizteko xedez, proposatu dituen neurriak babestea "baztertu" du.
Dela den, Zapateroren Gobernuak zorra ohiko gastura bideratuko dela bermatzen baldin badu eta instituzioen arteko planak inbertsio publikoak eta lana sortzeko dela bermatzen baldin badu, orduan bai, "aurkituko gaitu", esan du Egibarrek
Ildo berean, Iñigo Iturrate Eusko Legebiltzarreko presidenteordeak alderdi jeltzalea krisia kudeatzeko erarekin ados ez dagoela adierazi du.
"Etxerako lanak" egitea
Iñaki Arriola Etxebizitza, Lan Publiko eta Garraio sailburuak adierazi duenez, Euskadi ez da "uharte" bat eta esfortzuak eta "etxerako lanak" egin behar ditu.
Halaber, Eusko Jaurlaritza gastu arrunta murrizten eta "ahal den heinean, inbertsio-ahalmena babesten" saiatzen ari dela adierazi du.
Arriola "gehien dituztenek, gehiago laguntzeko" ekimenen alde agertu da, neurri fiskalak baztertu gabe.
Eusko Alkartasuna
Bestalde, Peio Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari orokorrak adierazi duenez, EAk "azken urteetan txikiagotu diren ezarpenezko mailak" berreskuratzera zuzendutako erreforma fiskala erakunde guztietan defendatuko duela adierazi du.
Ildo horretan, "Ongizate Estatua desegin gabe krisi ekonomikoa gainditzeko gakoa fiskalitatea" dela adierazi du.
EAko buruzagiak baieztatu duenez, alderdiaren ordezkariak ez dituzte ez Eusko Legebiltzarrean, ezta aldundietan edo udaletan ere, Zapaterok iragarritako neurriak babestuko.