Ekonomia -
Zumarraga (Gipuzkoa)
Gobernuak 830.0000 eurorekin lagunduko die Arcelorreko langileei
Erretiroa aurreratzeko diru-laguntzak dira. Olanoren hitzetan, Zumarragako lantegiaren egoerak “ez du itxura onik”.
E. Lotina | eitb.eus
ArcelorMittaleko langile ohiei 834.000 eurorekin lagunduko die Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak, Espainiako Gobernuak agiri baten bidez jakinarazi duenez.
Ministerioko ordezkariak enpresako arduradunekin bildu ziren iragan ekainean. Krisi ekonomiko luzea produktu siderurgikoen eskaeran eragin handia izaten ari dela azaldu zuen zuzendaritzak bertan, eta Zumarragako lantegian ekoizten diren produktuei bereziki eragin diela.
Lantegia partzialki ixtera behartu du krisiak, eta enpresak eta langileen ordezkariek 59 urtetik gorako 21 beharginen kaleratzea adostu dute. Gainerako lanpostuak mantentzeko baldintzak, baina, ez dituzte oraindik zehaztu.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren hitzetan, Zumarragako lantegiaren egoerak “ez du itxura onik”, eta “pixkanaka-pixkanaka agertokirik okerrena indartzen ari dira”, baina “itxaropena ez galtzea” eta “guztien arteko lankidetza” eskatu ditu.
Erretiroa aurreratzeko diru-laguntzak
Egoeraren beharrizanak eta lan-merkatuan berriz sartzeko zailtasunak egiaztatu ondoren, langile kaleratuei erretiroa aurreratzeko diru-laguntzak ematea erabaki du Ministerioak.
Enpresaren ekarpenarekin batera, diru-laguntza osatuko dute, eta Gizarte Segurantzako kotizazioei aurre egiteko baliatuko dituzte, beharginek erretiroa hartu arte.