Ekonomia -

Krisia

Patronalak maiatza arteko epea jarri du lan merkatua erreformatzeko

Epe horretan akordioa lortu ezean, Gobernuak erreforma "zuzen-zuzenean edo Parlamentuaren bidez" onartu beharko lukeela iritzi dio CEOEko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidenteak ziurtatu du "inoiz baino premiazkoagoa" dela lan merkatua erreformatzea, eta beraz, alde guztien artean akordioa ixten saiatu beharra dagoela. Dena dela, maiatza jarri du akordioa lortzeko muga.

Europar Batasunaren, Latinoamerikaren eta Karibearen arteko III. Enpresa Batzarrean egindako adiarazpenetan, Espainiako patronalaren buruak azaldu du ezin direla egon "denbora gehiago" negoziatzen, eta epearen amaiera maiatzean jartzea dela "zuhurrena".

CEOE, Gobernua eta sindikatuak negoziatzeko gogoz daudela gaineratu du, baina, nolanahi ere, akordioa lortu ezean Exekutiboak erreforma onartu egin beharko lukeela iritzi dio, "zuzen-zuzenean edo Parlamentuaren bidez bada ere".

Diaz Ferranen ustez, joan den astean Zapateroren Exekutiboak defizita murrizteko plana aurkeztu eta gero, lan merkatua erreformatzea da ezinbesteko hurrengo urratsa.

Gainera, Udalek eta erkidegoek ere gastua murrizteko neurriak hartu beharko lituzketela agertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea