Ekonomia -
Jardunaldi beltza merkatuetan
Ibex 35 indizeak % 6,64 egin du behera
Europako ekonomiaren berreskurapenari buruz diren zalantzek, salmenta automatikoak egiteko aginduek eta nazioarteko merkatuen atzerakadak eragin diote Espainiako merkatuari.
Erredakzioa
Espainiako burtsak % 6,64 egin du behera gaur, 2008ko urritik izan duen beherakadarik handiena. 9.300 puntuetara arte jaitsi da, Europako ekonomiaren berreskurapenari buruz diren zalantzen, salmenta automatikoak egiteko aginduen eta nazioarteko merkatuen atzerakaden eraginez.
Horrela, Espainiako burtsaren indize nagusiak, Ibex 35ek 662,80 puntu galdu ditu eta 9.314,70 puntutan kokatu da. Urte guztiko galerak % 21,99ra arte hazi dira. Bien bitartean, galerek % 2,97 egin dute gora aste honetan.
Bankuen sektoreak izan ditu jaitsierarik aipagarrienak. Horrela, Banco Santanderrek (-% 8,98) izan du beherakadarik handiena, jarraian Banco Popular (-% 8,60), BBVA (-% 7,58), Bankinter (-% 6,46), Banesto (-% 5,25) eta Banco Sabadell (-% 4,21). Era berean, Abengoak % 9,53 galdu du, Iberdrolak % 6,69, Repsol YPF konpainiak % 6,11 eta Telefonicak % 5,53.
Wall Street eta EBZ
Ibex indizeak negatiboan kotizatu du egun osoan eta beherakada handiagoa izan du Wall Streetek negatiboan zabaldu ostean. Zurrumurruen eta albisteen eraginez egin du behera indizeak gaur, adituen arabera. Izan ere, susperraldi ekonomikoan eta merkatuetan konfiantza ahuldu dute zurrumurruek.
Europako Banku Zentralak (EBZ) Italiako eta Espainiako zorra erosteari utziko diola zabaldu da eta Espainiako merkatua kaltetu du horrek. EBZk ez du albistea baieztatu.