Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

ELAk eta LABek greba deitu dute sektore publikoan maiatzaren 25ean

Greba deitzeko erabakia "desegokia, gehiegizkoa eta ardura gutxikoa" dela erantzun du Eusko Jaurlaritzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, STEE, EHNE eta Hiru sindikatuek greba deitu dute maiatzaren 25erako EAEko eta Nafarroako sektore publikoan, Espainiako Gobernuak funtzionarientzat iragarri dituen soldata murrizketak direla eta. Deialdia gaur erregistratu dute, "gehiengo sindikalaren izenean", Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailean.

Espainiako Gobernuak iragarritako neurri ekonomikoen harira hartu dute erabaki hori. Besteak beste, funtzionarien soldatak %5ean jaitsiko dituzte 2010ean eta izoztu egingo dituzte 2011an.

Agiri baten bidez azaldu dutenez, ELA sindikatuko Izaskun Garikanok eta LAB sindikatuko Arantxa Sarasolak arratsaldeko lehen orduan aurkeztu dute grebarako deialdia Lan Sailean. "Zerbitzu publikoa sendotzeko eta gastu soziala handitzea eskatzeko" joko dute grebara.

Aipatu sindikatuen arabera, Zapaterok iragarritako neurriek agerian utzi dute "botere politikoa kapitalaren menpe dagoela". Publikoa pribatizatzen ari direla salatu dute ELAk eta LABek.

Atzo, UGT eta CCOO sindikatuek ere ekainaren 2rako greba deitu zuten Estatuko sektore publikoan. Bestalde, maiatzaren 25ean beste greba bat ere izango da: ELA, LAB eta STEE-EILASek hezkuntzan dietutakoa.

"Greba desegokia"

Datorren maiatzaren 25ean sindikatuek sektore publikoan deitutako greba "desagokia eta ardura gutxikoa3 dela uste Eusko Jaurlaritzak; hori dela eta, euren erabakia berriz pentsatu beharko luketela esan diete, "elkarrekin eta bat eginez" krisiari aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak esan du oraindik zehazteke dagoela Zapatero presidenteak aurreikusi dituen neurriek Euskadin nolako eragina izango duten eta beraz, euren jarrera zuzentzeko eskatu die sindikatuei.

Sindikatuen askatasuna eta autonomia errespetatzen dutela esan ostean, sindikatu hauen erabakia "gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa" dela gaineratu du Eusko Jaurlaritzak komunikatu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea