Ekonomia -
Defizitari aurre egiteko plana
Funtzionarioen greba deitu dute ekainaren 2rako
CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak Moncloan izan dira Exekutiboaren neurriak ezagutzeko eta soldaten murrizketei aurre egiteko mobilizatzea erabaki dute.
Erredakzioa
UGT eta CCOO sindikatuek greba orokorra deitu dute zerbitzu publikoan ekainaren 2rako, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak defizita murrizteko abiatuko dituen neurrien aurrean protesta egiteko.
FSP-UGTko zuzendaritza nagusiak gaur goizean hartu du erabakia "indarrean den akordioari aurrekaririk ez duen erasoa" egin zaiolako.
Sindikatuko Federazioak UGTko Irakaskuntzako Langileen Federazioarekin hitzartu du greba deialdia eta gainerako indar sindikalei lanuztearekin bat egiteko eskatu die.
FSP-UGTk maiatzaren 20an abiatuko ditu mobilizazioak Espainiako ordezkaritzen aurrean, elkarretaratzeak, sinadura bilketak eta batzordeak eginda.
Gainera, ordezkari sindikalen elkarretaratzea deitu du Madrilen, Zapateroren neurriak ezartzeko dekretuaren tramitazioa martxan jartzen den egunean. Greba orokorrarekin emango die amaiera mobilizazioei, ekainaren 2an greba orokorra eginez, eta bertan parte hartzeko dei egin dei sektore eta erkidego guztietako funtzionario publikoei.
Halaber, beharrezkoa ikusten dituzten "mobilizazio guztiak" egingo dituztela adierazi du FSP-UGTk.
Funtzionarioek eta pentsiodunek greba orokorra deituko dute
Bien bitartean, Funtzionarioen Zentral Independentea (CSI-CSIF) greba orokorra antolatzen hasi da soldata murrizketen aurka.
Agiri batean, sindikatuak azaldu du batzar informatiboak egingo dituela maiatzaren 17an eta 21ean.
Halaber, 25ean elkarretaratzeak egingo dituzte Espainiako Gobernuak probintzietan dituen Ordezkaritzetan, eta ondoren manifestazioak erkidegoetan eta Estatu mailan.
"Mobilizazioei amaiera emateko, greba orokorra deituko dugu Administrazio Publiko guztietan", gaineratu du. Dena dela, ez du datarik ezta datu gehiagorik zehaztu.
Beste alde batetik, Enrique Castilla aurretik erretiratutako eta pentsiodunen Espainiako Konfederazioko Zuzendaritza Batzordeko kideak, zerbitzu sozialak bertan behera uztea "onartezina" dela esan du eta horrenbestez, erakundeak "ziurrenik" manifestazioak deituko dituztela iragarri ditu.
Espainiako pentsio sistema "bai pentsio pribatuak ezartzeko interesa duen sektore pribatuaren aldetik baita sektore publikoaren aldetik ere etengabeko erasoak" pairatzen ari dela salatu du Castillak.
Zer eragin izango du Euskadin?
Espainiako Gobernuaren arabera, soldata murrizketa autonomia erkidegoetako eta Udaletkao funtzionarioei ere ezarriko diete, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea aldatu beharra baitago.
Nolanahi ere, oraingoz ez dago batere argi zer nolako eragina izango duen Euskadin.
Horren ildotik, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak azaldu du balizko ondorioak aztertzen ari direla. Dena dela, neurriak Lege Dekretu baten bidez ezarriko balituzke, erkidegoak hura betetzera "behartuta" egongo liratekeela gaineratu du.
Mendiak agerraldia egingo du gaur, 11:00etan, Legebiltzarrean, balizko ondorioak azaltzeko.