Ekonomia -
Balantzea
Petronorrek 197,7 milioi euro irabazi ditu bi urteko galeren ostean
Findegiak azaldu duenez, lortutako emaitzak “bikainak” dira, baina ez dutela konpainiaren jarraikortasuna bermatzen gaineratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Petronorrek 197,7 milioi euro garbi irabazi zituen 2015ean, aurreko bi urteetan izandako galerak alde batera utziz, konpainiak ohar baten bidez iragarri duenez.
Findegiak esan duenez, lortutako emaitza horiek “bikainak” dira. Halaber, datu horiek petrolioaren osagai astunak eraldatzen dituen instalazio berriei esker lortu dituztela arrazoitu dute. Izan ere, merkatuan eskakizun handiagoa duten bestelako produktuak egiten dituzte bertan, hala nola, propanoa, butanoa, gasolina eta gasolioa.
Era berean, 2015eko salmentak % 8 igo direla baieztatu dute aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, merkatuaren ahultasuna dela eta, ekoiztutakoaren % 41a esportatu behar izan dute.
Dena dela, Petronorrek adierazi du lortutako emaitzek ez dutela konpainiaren jarraikortasuna ziurtatzen, eta 2013an martxan jarri zuten eraldaketa prozesuan sakontzen jarraitu behar dutela gaineratu du, “findegiaren errentagarritasuna eta jasangarritasuna bermatu ahal izateko”.