Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Euskal sindikatuek errefusatu dituzte Zapateroren neurriak

ELA, LAB, UGT eta CCOO bat etorri dira defizitaren aurkako neurriak kritikatzean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA

Zapatero presidenteak Kongresuak iragarritako neurriak "erabat" arbuiatu ditu ELA sindikatuak, "oso injustuak" izateagatik, eta "doikuntzaren karga guztia langileei eta gizarteko sektorerik ahulenei" leporatzeagatik.

Ohar batean, Zapatero "ekonomia eta finantza-botereen zerbitzari gisa" agertu dela esan du ELAk. "Krisia eragin dutenak oraindik agintzen ari dira: gobernuek zer egin behar duten esan, eta hauek men egiten diete".

LAB

LAB ere neurrien aurka agertu da eta Euskal Herrian "aldaketa sozialaren alde mobilizazioan jauzi sendoa emateko premia" azpimarratu du. Sindikatu honen ustez, Zapaterok iragarritako neurriek "murrizketa gogorrak" eragingo dituzte zerbitzu sozial eta zerbitzu publikoetan.

"Estatuan ezarri nahi dituzten neurriokin zer lortu nahi duten argi dago: bankak, gobernuek eta patronalak sortu duten krisia langileok eta klase xumeok ordaintzea. Norabide horretan, langileon aurka egindako azken eraso bortitz hau onartezina da", esan dute LABetik.

UGT

Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak uste du Gobernuak defizitari aurre egiteko hartutako neurriak familiei eragingo dien neurri gogorrak direla. Horregatik, datozen asteetan mobilizazioak egon daitezkeela aurreratu du.

Espainiako defizit publikoa %11,2tik 2013rako %3ra jaisteko asmoz neurri gogorrak iragarri ditu goizean Kongresuan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, eta besteak beste, Espainiako administrazioko funtzionarioen soldata gutxienez %5 murriztuko du ekainetik aurrera.

UGTren ustez, iragarritako neurriak Gobernuko presidentearen diskurtso politikoaren aurkakoak dira eta sindikatuekin izandako harremanen aldaketa ekarriko du.

Euskadiko UGT

Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusia ere neurrien aurka azaldu da eta protesta garai bat iragarri du. "Ez gaude erabat ados eta ez dugu uste neurri horiek martxan jarri behar direnik", esan du.

Eusko Jaurlaritzak zein neurri hartuko dituen jakin arte zuhur azaldu da Casado: "Ikusiko dugu zer egiten duen", adierazi dio Radio Euskadiri.

Euskadiko CCOO

Bestalde, Euskadiko CCOOren arabera, Zapaterok iragarritako neurri ekonomikoak "bidegabeak" dira eta "egoera ekonomikoa okertuko" dute.

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan, doitze planak "akordioak hausten" ditu eta "Gobernuaren sinesgarritasuna hondatzen" du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea