Ekonomia -
Porrota saihestu
Herstura plana onartu du Greziako Parlamentuak
Hiru urtetan 30.000 milioi euro aurreztu nahi ditu egitasmoak eta sektore publikoko zein pribatuko soldata eta jubilazioetan murrizketa handiak aurrikusten ditu.
Erredakzioa
Defizit fiskala murrizteko hiru urterako programa onartu du gaur Greziako Parlamentuak. Horrela, EBko eta Nazioarteko Diru Funtsako (NDF) finantza-laguntza paketea jaso ahal izango du Greziak porrot ekonomikoa ekiditeko. Guztira 110.000 milioi euroko laguntza dago aurrikusita.
172 diputatuk herstura programaren alde bozkatu dute, 121 kontra eta hiru abstenitu egin dira. Horrez gain, lau diputatu ez dira Parlamentuan agertu.
Hiru urtetan 30.000 milioi euro aurreztu nahi ditu egitasmoak eta sektore publikoko zein pribatuko soldata eta jubilazioetan murrizketa handiak aurrikusten ditu. Gainera, datozen hiru urteetan funtzionari berriak kontratatzeari betoa jarri dio planak.
Nazioartearen laguntza jasotzeko araudia onartuko zela ia segurua zen, izan ere, Gobernuan den Mugimendu Sozialistak (Pasok) gehiengo absolutua du Parlamentuan, Ganberako 300 eserlekuetatik 160.
Tabakoaren, alkoholaren eta gasolinaren gaineko zergak % 10 igo dituzte dagoeneko, eta BEZk ere igoera izan du. Erretiroa hartzeko adina igo egin dute eta kaleratzeak malgutu dituzte.
Zaintza batzordea
Herstura planaren jarraipena zaintza batzorde batek egingo du. Batzorde horren osaketa erabakitzeke dago, baina NDFko, Europako Banku Zentraleko (EBZ) eta Europako Batzordeko adituek parte hartuko dute bertan, laguntza ekonomikoa emango duten hiru erakundeek.
Lehen txostena ekainean aurkeztuko dute eta emaitzen arabera, Greziak nazioarteko laguntzak jasotzen jarraituko du ala ez. 80.000 milioi euro euroguneak emango ditu eta 30.000 milioi NDFk.
Protestak
Milaka lagunek manifestaldia egin dute gaur Atenasen, Parlamentuaren aurrean, herstura planaren aurka protesta egiteko. Bigarren egunez jarraian, manifestariak Sintagma Plazan bildu dira, Parlamentuaren alboan, soldaten murrizketak, jubilazio adinaren eta zergen igoera arbuiatzeko.