Ekonomia -

Europako Batzordea

Espainiak 2010ean gaindituko du atzeraldi ekonomikoa

Hala ere, Espainia izango da aurten geldialdi ekonomikoa izango duen Europar Batasuneko herrialde bakarra. Gainera, langabezia-tasak goraka jarraituko duela ohartarazi du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako ekonomiak atzeraldia gaindituko du 2010ean eta apirila eta ekaina bitartean berriro haziko da. Alabaina, Espainiako Gobernuak uztailetik aurrera ezarriko duen BEZaren igoerak beste beherakada bat eragingo du urteko hirugarren hiruhilekoan. Europako Batzordeak egindako eta gaur publikatutako aurrikuspenak dira.

Zehazki, Bruselaren arabera, Espainiako ekonomiak % 0,1eko hazkuntza izango du urteko bigarren hiruhilekoan, baina % 0,2ko beherakada izango du uztaila eta iraila bitartean. Urte bukaeran % 0,2ko susperraldia izango duela aurrikusita dago. Espainiako zazpi hiruhileko daramatza atzeraldian.

Nolanahi ere, Europako Batzordeak ohartarazi du Espainiako Gobernuak aurrikusi dituen neurriak abian jartzea atzeratzen bada, "horrek kanpoko eta barruko konfidantza kaltetu dezake eta, ondorioz, ekonomia errealean eragin negatiboa izan dezake".

Atzeraldia gainditu arren, Espainia izango da aurten geldialdi ekonomikoa izango duen Europar Batasuneko herrialde bakarra. Geldialdi hori % 0,4koa izango dela uste du Bruselak, Espainiako Gobernuak aurrikusitakoa baino hamarreko bat gehiago. Gainera, susperraldia ahula izango da: % 0,8koa (Zapateroren Exekutiboak % 1,8koa izango dela iragarri du).

Europako Batzordeak Espainiako Gobernuak baino hamarreko bat gehiago eman dio hazkuntza aurrikuspenari; 2011ko iragarpenari, berriz, bi hamarreko kendu dizkio. Langabezia

Horrez gain, langabezia-tasak goraka jarraituko du. 2009an Estatuko langabezia-tasa, bataz beste, % 18an zegoen; aurten, % 19,7an; eta 2011an, % 19,8an egongo omen da.

"Lan merkatuaren segmentazio handiak langabeziaren iraupena luzatzea ekar dezake, Espainiako ekonomiaren hazkuntzarako potentziala murriztuta", ohartarazi du Europako Batzordeak.

Defizita

Iaz, Espainiaren zor publikoa BPGren % 11,2ko izan zen, krisiari aurre egiteko gastu publikoa areagotu egin zelako eta diru-sarrera gutxiago izan zirelako. Aurten, % 9,8ra jaitsiko dela espero dute, eta 2011an, % 8,8ra. Gauzak horrela, Espainiak erronka gogorra izango du Europak 2013rako ezarri dion helburua betetzeko: 2013an defizita % 3a baino txikiagoa izan behar da.

Zorrak ere goraka jarraituko du. Iaz, zorra BPGren % 53,2koa izan zen; aurten, % 64, 9koa; eta datorren urtean, % 72,5ekoa izango da.

Inflazioa aurten eta datorren urtean % 1,6 inguruan mantenduko da, eurozonako bataz bestekoren antzera.

Eurozona

Eurozonan eta Europar Batasunean, hazkuntza % 0,9koa izango da eta BPGa % 1ekoa.

Frantzia eta Alemania izango dira gehien haziko direnak: BPGren % 1,2 eta % 1,3, hurrenez hurren. Italiak % 0,8ko hazkuntza izango du; eta Erresuma Batuak % 1,2koa. Greziak, berriz, % 3ko geldialdia izango du aurten, krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak direla medio, eta 2011an % 0,5ekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea