Ekonomia -
Oreka
Euskadik eta Nafarroak superabita izan dute 2016ko lehen hiruhilekoan
EAEk 258 milioi euroko superabita izan du, BPGaren % 0,38, eta Nafarroak milioi bat eurokoa, BPGaren % 0,01.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 258 milioi euroko superabita zuen martxoaren amaieran, BPGaren % 0,38, iaz hiruhileko berean baino hamarren bat gehiago. Iaz 155 milioiko superabita izan zuen epe horretan.
Nafarroak, berriz, milioi bat euroko superabita izan du 2016ko lehen hiruhilekoan, BPGaren % 0,01. 2015eko epe berean, 51 milioiko superabita izan zuen foru erkidegoak (BPGaren % 0,28).
Martxora arte, erkidegoen defizitak % 24,7 egin du behera, 2015eko epe bereko datuekin alderatuta. Hala, erkidegoek 1.486 milioiko defizita dute, BPGaren % 0,13, iaz baino bost ehunen gutxiago.
Lehen hiru hilabeteetan, sei erkidegok bakarrik zuten superabita: Asturias, Kanariak, Galizia, Nafarroa, Errioxa eta EAE. Emaitza positiborik handiena EAEk izan zuen. Kontrako aldean, defizit handienak Extremaduran (% 0,94), Andaluzian (% 0,29) eta Madrilen (% 0,24) izan ziren.
13.981 milioi euro
Ogasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera, Estatuaren defizita 13.981 milioi eurokoa zen apirilean, BPGaren % 1,25. Iaz % 1,12koa zen epe berean.
Udalen datuen faltan, administrazio publikoen defizita 8.918 milioikoa zen lehen hiruhilekoan, BPGaren % 0,80, iaz baino 0,3 puntu gutxiago.