Ekonomia -
Urteko minimoa
Ibex 35ek kolpe handia jaso du, Greziaren egoerak eraginda
Espainiako burtsak % 5,4 egin du behera, eta 10.000ko mailatik urrun geratu da. Espainiak NDFri laguntza eskatu diola zabaldu ondoren, zurrumurru horiek "erokeria" direla erantzun du Zapaterok.
Erredakzioa
Espainiako burtsak 9.900 puntuetako (9.859) maila galdu eta urteko bigarren minimoa jasan du % 5,4ko beherakadarekin (bankuen porrota dela eta) merkatuko datuen arabera.
Ibex 35eko balio guztiek galerak izan dituzte gaur. Espainiako burtsak 563,70 puntu galdu ditu, 2009ko uztailean jasotakoaren antzekoa. Urteko galerek % 17,43raino gora egin dute.
Dena den, 16:15etan hobekuntza txikia izan du eta % -4,36raino heldu da. Hala ere, ezin izan dute beherakadari aurre egin, besteak beste, Espainiak Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) laguntza eskatu diola zabaldu ondoren; ildo horretan, zurrumurru horiek "erokeria" direla erantzun du Zapaterok gaur Bruselan.
Hori horrela, BBVAk % 7,59 behera egin du; Banco Santanderrek % 7,08; Iberdrolak % 5,94; Repsolek 4,4% eta Telefonicak %3,75.
Europan ere galerak izan dituzte burtsek; euroa 1,303 dolarretan aldatzen zen bitartean, Milango burtsak % 4,7 behera egin du; Euro Stoxx 50k % 3,5; Pariskoak % 3,32; Londreskoak eta Frankfurtekoak % 2,5.
"Izugarrizko burugabekeria"
Espainiak etorkizunean, Greziak bezala, Europar Batasunaren laguntza behar izatearen hipotesia "zorakeria ikaragarria" eta "izugarrizko burugabekeria" dela adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak.
Bruselan egindako prentsaurreko batean datuei eta jazoerei, eta ez espekulazioei, arreta jartzea exijitu du.
Burtsa espainiarraren jaitsiera bultzatu duen zurrumurrua salatu du Zapaterok, Espainiak 280.000 milioi euro behar dituela ezeztatuz.