Ekonomia -

Krisiaren kontrako plana

Greziarrek zalantza eta protesta artean hartu dute aurrezteko plana

Protestak direla eta, asteartean ehun bat hegaldi utzi beharko dituzte bertan behera, eta asteazkenerako deitutako greba orokorrak herri osoa geldiaraziko du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziarrek gogoz kontra eta zalantza artean hartu dituzte EBko (Europar Batasuna) bazkideek eta NDFk (Nazioarteko Diru Funtsa) Greziari ezarri dizkioten neurri ekonomiko zorrotzak, zor handiaren ondorioz porrot egitea saihesten lagunduko dioten maileguak emateko ezarri dizkioten neurriak hain zuzen ere.

Herritarren nahigabearen adibide dira astelehen honetan Atenasen egin diren grebak, eta astearterako eta asteazkenerako sindikatuek deitutako lan-etenaldiak eta greba orokorra, hurrenez hurren.

Zabor-bilketarako kamioiek, funtzionariek eta irakasleek protesta egin dute astelehen honetan Greziako hiriburuan Gobernuaren neurri zorrotzen aurka. Poliziak eta Ejertzitoa kalera atera dira, Grezian aurrekaririk ez duen egoera batean.

Asteartean lan-etenaldiak egingo dituzte protesta modura, besteak beste, aireportuetan eta ospitale publikoetan; nazioarteko eta barneko ehun bat hegaldi bertan behera geldituko dira eta ospitaletan larrialdiko kasuak baino ez dituzte hartuko. Hegazkin zibiletako langileek kalera aterako dira, eta Ogasuneko, ministeriotako eta osasun zerbitzuetako langileak lanuztera deituak daude.

Asteazkenean 24 orduko greba orokorra izango da Grezia osoan (sektore publikoan eta pribatuan).

Astearteko gaueko 12:00etatik asteazkenera arte aireko espazioa itxita egongo da; beraz, Greziara zihoazen eta Greziatik irten behar ziren hegaldi guztiak bertan behera gelditu dira.

Era berean, trenen eta itsasontzien zerbitzuak bertan behera geldituko dira; garraio publikoa lau ordutan soilik ibiliko da.

Diru-laguntza jasotzeko Yorgos Papandreu lehen ministroak onartutako neurriek (soldaten murrizketa, zergen igoera eta erretiro adinaren atzerapena) eragin dituzte herritarren protestak.

Dena den, nazioarteko merkatuek harrera onez hartu dute erreskate plana.

Joan den astean, Atenaseko burtsak hondamenetik gertuko beherakada izan zuen; astelehen honetan, berriz, % 0,88 behera egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea