Ekonomia -
DIRU-BILKETA
'Benetan garrantzitsuak diren gauzetan' inbertituko du Jaurlaritzak
Araban eta Bizkaian diru-bilketak, 2016an, behera egin duen arren, gizarte politikei eutsiko dietela ziurtatu du lehendakariak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzak zuhurtziaz egingo dituela inbertsioak, eta benetan garrantzitsuak diren ekimenetan inbertituko duela. 2016ko lehen lauhilekoan, behera egin du zergen bidez bildutako diru kopuruak Araban eta Gipuzkoan, eta horren harira egin ditu adierazpenok Urkulluk.
"Diru-bilketarekin, eta, ondorioz, aurrekontuekin, dugun arazoaren berri badugu. Gaur, inoiz baino gehiago, lehentasunak ezarri behar ditugu gastu publikoan eta benetan garrantzitsuak diren gauzetan bakarrik egingo dira inbertsioak", esan du.
Lehendakariaren esanetan, krisi ekonomikoak eragin du, batez ere, beherakada diru-biketan. Estatu Espainiarrean ogasunean egindako erreformek eta enpresa handiei ezarritako neurriek ere eragina izan dute, Urkuluren aburuz. "Gizarte politikekin dugun konpromisoa bermatuta dago. Gaurkoan, Arasur bezalako proiektu estrategikoen balioa nabarmendu nahi dut", esan du.
Arasurreko lanetara egindako bisitan egin ditu adierazpenok Urkulluk, Rivabellosan (Araba). "Arasur garatu beharreko aukera bat da. Eusko Jaurlaritza, Arabako Aldundia eta Bilboko Portua elkarlanean bidea garatzen ari gara. Arasur estrategikoki kokatuta dago lehorreko portu gisa. Gure helburua da trenbideko plataforma garatzea, inguruko jarduera logistikoa eta enpresak garatzeko", gaineratu du.