Ekonomia -

Iruzurra Hiriko proiektuan

Fiskaltzak gaitasungabetzea eskatu du Hirikoren kudeatzaileentzat

Proiektua gauzatzeko asmoz bideratutako diru publiko guztia itzultzea ere eskatu du. Ibilgailu elektrikoa ez zen inoiz merkaturatu.

Hiriko ibilgailu elektrikoa ez zen merkaturatu. Argazkia: EFE
Hiriko ibilgailu elektrikoa ez zen merkaturatu. Argazkia: EFE
Hiriko ibilgailu elektrikoa ez zen merkaturatu. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Fiskaltzak 10 urteko gaitasungabetzea eskatu du Hiriko ibilgailu elektrikoaren enpresa sustatzaileko (Afypaida) lau kudeatzaileentzat. Era berean, aipatu konpainiak eta egitasmoari lotutako beste hamabost enpresek jasotako diru publikoa (15,7 milioi euro) itzul dezatela galdegin du.

EFE albiste-agentziak zabaldu duenez, fiskalak Gasteizko Lan-arloko lehenengo epaitegira bidali duen idatzian, porrotaren erantzule egiten du Afypaida enpresa eta gainerako sozietateen kontrako neurriak eskatzen ditu.

Zehazki, Jesus Echave, Iñigo Antia (biak EAJri lotuta), Jose Luis Bengoechea eta Fernando Achaerandio Afypaidako gestoreak 10 urtez gaitasungabetzeko galdegin du.

Fiskalak dio negozioan “zehaztasunik eta ardurarik gabe” aritu zirela eta sozietatearen helburu bakarra “administratzaileak aberastea” zela, eta, horren ondorioz, “diru publikoa desagerrarazi” zutela.

Gainera, Ministerio Publikoak dio erakundeetatik jasotako laguntza publikoa Hiriko proiektuan parte hartu zuten enpresa guztien artean itzuli behar dutela.

Hauek dira, fiskalaren arabera, Afypaidaren konpainia “konplizeak”: Circuito Norte, Launorte, Universal Araba, Sociedad Alavesa de Inversiones, Constructora Lanbide, Basque Robot Wheels, Sapa Placencia, Sapa Operaciones, Microelectrónica MASER S.L., Denokinn, Innolavab, Vilau Media, Talleres Arakistain, Isoird eta Luis Miguel Macías.

Egitasmoan izan zuten “parte-hartzearen” araberako zenbatekoak itzultzea eskatu du. Guztira, 15,7 milioi euro jaso zituzten, konkurtsoko administratzaileen arabera.  Zatirik handiena Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eman zuen; gainerako 974.500 euroak, berriz, Jaurlaritzak bideratu zituen.

Estatuko Abokatuak auzi honetako parte da; Jaurlaritzak, ostera, ez zuen salaketarik jarri, irregulartasunik izan zela ulertuta.

Halaber, konkurtsoko administratzaileek uste dute enpresaren porrota iruzurra izan zela eta horregatik bi urteko gaitasungabetzea eta 700.000 euroko isuna eskatu dute sustatzaileentzat, El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez.

Bide penala

Bestalde, Hiriko auzia bide penaletik ere ari dira ikertzen. Fiskaltzak ondoko delituak egozten dizkie Afypaidako lau kudeatzaileei: diru publikoa bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea, laguntza publikoak jasotzeko iruzurra egitea, bidegabeko jabetzea eta dirua zuritzea.

Administrazioari iruzurra egin izana ere leporatu zion fiskalak, baina Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiak atzera bota zuen salaketa hori.

Fiskaltzaren arabera, aipatu lau gestoreek, Francisco Javier Calera eta Jose Barreira enpresariekin batera, plan bat asmatu zuen Hiriko izeneko ibilgailu elektriko bat ekoizteko “aitzakiarekin” diru publikoa eskuratzeko. Ibilgailu elektriko hori ez zen inoiz merkaturatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken orduko albistea