Ekonomia -
Iruzurraren aurkako neurriak
Nafarroako Gobernuak iruzur fiskalaren kontrako batzordea sortuko du
Batzordea datozen asteetan eratuko dute, Gobernuko, Parlamentuko eta Nafarroako hainbat eragile sozialetako ordezkariekin.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak, Parlamentuak, sindikatuek eta erakunde sozioekonomikoek iruzur fiskalari eta ezkutuko ekonomiari aurre egiteko batzordea osatuko dute.
Batzorde berriak izaera iraunkorra izango du eta iruzurren kontrako neurriak betetzen direla zaintzea izango du helburutzat, Minek Aranburu Nafarroako Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak azaldu duenez. Iruzurraren kontrako borroka Foru Gobernuaren lehentasuna dela azpimarratu du.
Iaz, 75,2 milioi euro eskuratu zituen Gobernuak, iruzurrari aurre eginez.
Gaurko saioan, bi erabaki hartu ditu Gobernuak: batetik, batzordea eratzea eta, bestetik, organo horretako kideak izendatzea.
Batzordea datozen asteetan eratuko da eta lehendabiziko eginkizuntzat 2016-2019 urteetarako Iruzur Fiskalaren aurkako Plana lantzea izango dute.
Batzorde berri hori Mikel Aranburu kontseilariak zuzenduko du eta partaideak hauek izango dira: Gobernuko bost ordezkari, Parlamentuko zazpi (talde bakoitzeko bat), lau sindikatuetako (ELA, LAB, CCOO eta UGT) ordezkari bana eta erakunde sozioekonomikoetako beste zazpi ordezkari.