Ekonomia -

Iruzurra

Japoniako Gobernuak Mitsubishiren bulegoak miatu ditu

Gobernuak sektoreko beste enpresa batzuei ere eskatu dizkie eraginkortasun frogen inguruko txostenak, irregulartasun gehiago izan daitekeelakoan.

Mitsubishi Motors. Argazkia: EiTB
Mitsubishi Motors.
Mitsubishi Motors. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Japoniako Garraio Ministerioko funtzionarioak Mitsubishi Motorsen garapeneko bulegoetan izan dira ikerketa abian jartzeko, enpresak modelo batzuen erregai kontsumo datuak manipulatu dituela jakin ostean.

Okazakiko zentro teknikoan izan dira ministerioko langileak lehenengo ikuskapena egiteko, NHK kate publikoak jakitera eman duenez.

Administrazioak apirilaren 27ra arteko epea eman dio konpainiari datuak faltsutzearen inguruko txostena aurkezteko; izan ere, oraindik ez dakite zenbaterainokoa izan den iruzurra.

Era berean, sektoreko beste enpresa batzuei ere eskatu dizkie eraginkortasun frogen inguruko txostenak, irregulartasun gehiago izan daitekeelakoan.

Sektorea are gehiago nahastu du auziak, Volkswagenek gas isurien datuekin egindako iruzurraren ajea oraindik bizi-bizi dago eta.

Mitsubishi Motorsek atzo aitortu zuen ibilgailuen gurpiletako aire presioa aldatu zuela lau mini-auto (660 zentimetro kubiko baino gutxiago) modeloren erregai kontsumo frogetan.

Hala, ibilgailuak (650.000 inguru, eta gehienak, 468.000, Nissan Motorrek salduak) kontsumitzen zutena baino % 5-10 gutxiago kontsumitzen zutela agertu zen emaitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruzurrak berriak Ekonomia berriak Eguneko albisteak