Ekonomia -
Iruzurra
Mitsubishik 625.000 autoren kontsumo datuak faltsutu ditu Japonian
Automobilgintza enpresak erregai kontsumoa neurtzeko prozesua manipulatu zuen, energia eraginkortasunaren emaitzak benetakoak baino hobeak izateko.
agentziak | erredakzioa
Mitsubishi Motors Japoniako ibilgailu ekoizleak aitortu du mini-ibilgailuen energia eraginkortasunari buruzko datuak faltsutu zituela eta iruzurrak Japonian saldutako 625.000 autori eragiten diela.
Automobilgintza enpresak erregai kontsumoa neurtzeko prozesua manipulatu zuen, energia eraginkortasunaren emaitzak benetakoak baino hobeak izateko, Tetsuro Aikawa konpainiaren presidenteak Tokion emandako prentsaurreko batean azaldu duenez.
Gurpilen aire presioa aldatuta egin zuten iruzurra, eta erregai kontsumoaren datuetan eragina izan zuen lau miniauto modelotan (660 zentimetro kubiko baino gutxiagoko modeloak sartzen dira kategoria horretan).
Hala, 2013tik aurrera ekoitzitako 157.000 Mitsubishi eK Wagon eta Mitsubishi eK Spaceri eta 468.000 Nissan Dayz eta Nissan Dayz Rooxi eragiten die trikimailuak. Mitsubishik eta Nissanek elarkarlanean saldutako ibilgailuak dirla guztiak.
Barne ikerketa bati esker jakin zuten datuak faltsutu zituztela, eta dagoeneko eman diete horren berri agintari japoniarrei, Aikawak Garraio, Azpiegitura eta Turismo Ministerioaren egoitzan jakitera eman duenez.
Enpresa japoniarrak gelditu egin du aipatu modeloen ekoizpena, "benetako barkamena" eskatu die kaltetutakoei, eta ordaina ematea aztertzen ari omen dira.
Era berean, kasuaren "larritasuna" ikusita, enpresak atzerrian saldutako beste modelo batzuen datuak berrikusiko ditu, nahiz eta herrialde bakoitzeko legediaren arabera prozesuak desberdinak izan.
Auto-ekoizle japoniarrak hondoa jo du Tokioko burtsan, % 15eko beherakada izan baitu irregulartasunei buruzko prentsaurrekoa emango zuela iragarri ostean.