Ekonomia -
Gobernuaren helegitea
Konstituzionalak bertan behera utzi du EAEko Etxebizitza Legea
Ebazpena atera arteko behin behineko neurria da. Espainiako Gobernuak aurkeztu zuen inkonstituzionaltasun helegitea, besteak beste, bankuei etxebizitzak kentzea aurreikusten duen arauaren kontra.
agencias | redacción
Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Espainiako Gobernuak EAEko Etxebizitza Legearen aurka jarri zuen helegitea, eta behin behinean bertan behera utzi du Konstituzioa errespetatzen duen ala ez erabaki arte.
Espainiako Gobernuak inkonstituzionaltasun helegitea aurkeztu zuen, besteak beste, bankuei etxebizitzak kentzea, etxebizitza hutsen zerga berezi bat ezartzea eta etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aitortzea aurreikusten duen arauaren kontra.
Eusko Legebiltzarrak 2015eko ekainean onartu zuen Etxebizitza Legea, PSE-EEren ekimenez, baina EH Bilduren eta UPyDren babesarekin. PPk eta EAJk kontrako botoa eman zuten.
Mariano Rajoy buru duen Gobernuak legea behin behinean bertan behera uztea eskatzen zuen helegitean, gaia sakonean aztertu arte.
Bermeen auzitegiak kaleratutako agirian tramitera onartzen dute helegitea, eta bertan behera uzten dute legea behin behinean, baina horrek ez omen du baldintzatzen azken ebazpena, eta bost hilabeteko epea, luza daitekeena, irekitzen du erabakia hartzeko.
Bestalde, 15 eguneko epean prozesuan sartzeko eta alegazioak egiteko aukera egongo da.