Ekonomia -
Krisiaren aurkako laguntzak
Kreditua eskatzeko elkarrizketak hasi ditu Greziak
Datorren astelehenean Europar Batzordeak ordezkaritza bat bidaliko du Atenasera negoziazioak hasteko.
Erredakzioa
Gaur Europar Batzordeak baieztatu duenez, hainbat urterako kreditua abian jartzeko elkarrizketak hastea eskatu die Greziak Europar Batzordeari, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari.
Datorren astelehenean Europar Batzordeak ordezkaritza bat bidaliko du Atenasera negoziazioak hasteko, Batzordeak agiri batean jakinarazi duenez. "Europar Batzordea Europako Banku Zentralarekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin batera lan egiten ari da", dio agiriak.
Adituen arabera, Greziak elkarrizketen hasiera eskatu du laguntza eskatzeko bidea urratzen joateko.
Joan den igandean, euroguneko herriek Greziari 30.000 milioi euroko kreditua bideratzea adostu zuten.
Nazioarteko Diru Funtsak ere, laguntza bideratuko du Europako Banku Zentralarekin eta Europar Batasunarekin batera, baina oraindik ez ditu baldintzak azaldu; dena den, 15.000 milioi euroraino heldu daiteke laguntza hori.