Ekonomia -
Itsas Plataforma Multimodala
Tuterako portu lehorrak urtero 9.000 edukiontzi mugituko ditu Bilbora
Maiatzetik aurrera izango da martxan. Guztira, milioi bat euroko inbertsioa suposatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Tuterako Itsas Plataforma Multimodalak, portu lehorra bezala ezagutzen denak, urtero 9.000 edukiontzi mugituko ditu Bilboko zein Estatuko beste portu batzuetara.
Plataformak 17.000 metro koadroko azalera du, eta Erriberako enpresa esportatzaile eta inportatzaileen salgaiei itsas garraiorako "sarbide bizkorragoa eta lehiakorragoa" eskainiko die.
Milioi bat euroko inbertsioarekin, maiatzean zabalduko ditu ateak plataforma multimodalak.
Nafarroako agintari nagusiek eta Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzaren presidenteak bisita egin diote astearte honetan. Hala, han izan dira, besteak beste, Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako presidenteordea, Isabel Elizalde Nafarroako Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioko kontseilaria, Javier Garcia Tuterako portu lehorreko presidentea, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Eneko Larrarte Tuterako alkatea.
Trenbide korapilo intermodala
Uxue Barkos Nafarroako presidentearen hitzetan, plataforma "aukera paregabea da Nafarroarentzat, Tuterarentzat eta Erriberarentzat". Nabarmendu duenez, Tuterakoa "anbizio handiko proiektu baten lehen urratsa da". Izan ere, Castejon trenbide-plataforma gisa erabiltzearen egokitasuna aztertzen ari dira, bertan trenbideko korapilo intermodala egiteko.
Asier Atutxa Bilboko Itsas Agintaritzaren presidenteak azpimarratu duenez, Bilbokoak beste 900 porturekin lotura du, zuzenean edo zeharka. Hortaz, plataforma hau "aukera" da Nafarroarentzat, "Europako aterik onena baita".
Atutxaren esanetan, Nafarroak esportatzen dituen produktuen % 38 Bilboko portuaren bidez mugitzen dira, baina badago kopurua handitzeko aukerarik.
Erriberatik esportatzen diren bost tonetatik lau kamioetan garraiatzen dituzte Europako iparraldera. 3,5 tona Bilboko portuaren bidez garraiatzea espero du Atutxak.
Bilboko Portuko Agintaritzako arduradun nagusiak azpimarratu duenez, "Nafarroarekin sinergiak sortu eta erkidego honen abantaila lehiakorrez baliatzea" dute helburu.