Ekonomia -

PFEZ

Apirilaren 7an hasiko da errenta aitorpenaren kanpaina Nafarroan

Ostegunetik aurrera 179.068 proposamen eskegiko dituzte sarean. Aurrez aurreko aitorpenak 20an hasiko dira.

Aranburu eta Easin, kanpainaren aurkezpenean. Irudia: EFE
Aranburu eta Easin, kanpainaren aurkezpenean. Irudia: EFE
Aranburu eta Easin, kanpainaren aurkezpenean. Irudia: EFE

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan apirilaren 7an abiatuko da iazko errenta aitorpena egiteko kanpaina. Ostegun honetatik aurrera, 179.068 aitorpen-proposamen eskegiko dituzte sarean, eta apirilaren 20tik aurrera aitorpena aurrez aurre egiteko aukera izango da. Ekainaren 20an bukatuko da epea.

Hala azaldu dute Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Finantza Politikoko kontseilariak eta Luis Esain Nafarroako Ogasun zuzendariak kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan.

Zehaztu dutenez, itzultzeko diru kopurua hazi egingo da aurten. Aitortzaileen kopurua, aldiz, 2014ko kanpainaren antzekoa izango da. Orduan 325.395 errenta aitorpen aurkeztu zituzten Nafarroan (472.547 zergadun).

Apirilaren 7tik aurrera, 179.068 aitorpen-proposamen eskegiko dituzte sarean. Zergadunek baztertzeko edo onartzeko aukera dute. Proposamen horiek apirilaren 15etik aurrera bidaliko dituzte etxeetara.

Proposamena "itzultzekoa" duten horiei apirilaren 18tik aurrera ordainduko diete, betiere zirriborroa onartuz gero. "Ordaintzeko" diren aitorpen-proposamenetan, ordainketa egiteko bi epe dituzte zergadunek: uztailaren 1etik aurrera eta azaroaren 21etik aurrera.

71,9 milioi, "itzultzeko"

179.068 aitorpen-proposamenetatik 120.000 inguru (% 67) "itzultzekoak" dira, 50.000 bat (% 27), "ordaintzekoak", eta 9.600 aitorpenek, gutxi gorabehera, ez dute dirurik jasoko, ezta ordaindu beharko ere. Nafarroako Ogasunaren arabera, 71,9 milioi euro itzuliko dituzte, eta ordaindu beharreko kopurua 36,6 milioikoa izango da.

2014ko kanpainarekin alderatuta, aurten 11 milioi euro gehiago itzuliko dituzte. Aitorpen guztiak kontuan hartuta, itzultzeko kopuruak 20 milioiak gaindi ditzake.

Aurretiazko hitzordua

Aurrez aurreko aitorpena egiteko hitzordua hartzeko epea apirilaren 18an abiatuko da. Nafarroako Gobernuak dituen egoitzetan (Iruñea, Barañain, Burlata, Lizarra, Tafalla eta Tutera) edota 18 erakunde laguntzaileetan.

Errenta-aitorpena aurkeztera behartuta daude 2015ean 11.250 euro gordin edo gehiagoko lan-errendimendua lortu zutenek; 1.600 euro baino gehiagoko atxikipenaren mende dauden kapital higigarri edo ondare-gehikuntzen errendimenduak; eta oro har profesional, enpresaburu eta kapital higiezinak jasotzen dituztenek.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Errenta Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Gastu publikoa